Babes handiagoa izateko giltza

Europako Batasunak behartuta, bezeroari berme gehiago ematen dizkion hipoteka legea onartu du Espainiako Kongresuak. Azken urteetako eskandaluak eta gehiegikeriak eragotzi nahian, arau berriak argi zehazten ditu maileguen gastuak nola banatu, eta mugak jarri dizkie bankuen zenbait praktikari.

Hipoteka lege berriak ateak itxi nahi dizkie bankuen gehiegikeriei, orain arte muga gutxi izan dituzte eta. BERRIA.
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Berandu eta kostata, baina azkenean onartu du Espainiako Kongresuak Hipoteka Lege berria. Kostata, 2017. urtekoudazkenean ekin ziolako onartzeko bideari, ia urte eta erdi pasatu ditu eztabaidan. Berandu, Europako Batzordeak jarritako epemuga gainditu duelako. 2016ko apirila baino lehen egokitu behar zuen legea Europako zuzentaraura. Atzeratutako egun bakoitzarengatik 100.000 euroko zigorra jaso dezake.

Gaur argitaratuko dute legea BOEn, eta 30 egun barru jarriko da indarrean. Legeak ez du atzerako eraginik izango, eta, beraz, ez da aplikatuko kontratu zaharretan, etxegabetzeekin zerikusia duten klausulekin salbu. Kontratu zaharretan etxegabetzea martxan jartzeko dauden epe berriak bakarrik aplikatuko dira.

BEZEROAREN INFORMAZIO ESKUBIDEA

Ezer sinatu aurretik, bezeroak kontratuaren zirriborroa esku artean izan beharko du hamar egun lehenago. Bankuak bi dokumentu helarazi beharko dizkio: Informazio Estandarizatuen Europako Fitxa (ESIS) eta Ohartarazpen Estandarizatuen Fitxa (FiAE).

Lehenak hipotekaren ezaugarri guztiak batu behar ditu: maileguaren zenbatekoa, iraupena, interes tasa mota eta itzuli beharreko kopuru osoa; urteko tasa baliokidea, bai hasieran bai hilero pagatu beharreko beste gastu guztiak, kuota kopurua, haien aldirokotasuna eta zenbatekoa; mailegua aurretiaz itzultzeko baldintzak eta kostuak; eta mailegua beste dibisa batean hartzean truke tasek izan ditzaketen ondorioei buruzko etsenpluak.

Ohartarazpen fitxaren bidez klausula eta elementu garrantzitsuen, zein haiei lotutako arriskuen berri izango du. Hor joango lirateke, besteak beste, aurretiazko itzulerarako aukerak, maileguari lotutako gastuak... Interes tasa aldakorreko hipoteken kasuan, entitateak beste agiri bat ere eman beharko dio mailegu hartzaileari, interes tasen bilakaera desberdinetan bere kuotak zein izango liratekeen azalduz.

Bankuak sakonean aztertu beharko du mailegu eskatzailearen kaudimena, gastua bankuak berak ordainduta. Ordaindu ezin dutenei hipotekak ematea moztu nahi dute horrela.

NOTARIOAREN LANA

Gogoetako hamar egun horietan, notarioak bezeroari aholkularitza eman beharko dio, dohainik, kontratuari eta bertan jasotzen diren klausulei buruz. Eskatzaileak galdetegi bat erantzun beharko du hipotekaren nondik norakoak ulertzen dituela egiaztatzeko. Behin gaindituta, agiria sinatu beharko du kontratu aurreko dokumentazioa jaso eta ulertu duela baieztatuz. Horrez gain, notarioak egiaztatu beharko du hipotekak ez daukala Auzitegi Gorenak indargabetutako klausularik.

KONTRATUAREN GASTUAK

Etxebizitza tasatzeko kostua bakarrik geratuko da bezeroaren esku —300 eta 400 euro artean, mailegu gehienetan—, eta finantza erakundeek hartuko dituzte bere gain notariotza gastuak, erregistroarenak eta gestoriarenak—1.000 eta 3.000 euro artean— .

ZORU KLAUSULEN AGURRA

Hipoteka Legeak debekatu egingo du kontratuan zoru klausulak sartzea. Horrela, interes aldakorra daukaten kredituetan bankuek ezingo dute gutxieneko interes bat finkatu. Bezeroak Euriborraren edo hura ordezkatu behar duen indizearen jaitsierak baliatu ahal izango ditu arau berriarekin. Hala ere, inoiz ezingo da negatiboa izan; hau da, gutxienez %0 izango da, eta bankuek ez diote bezeroari inoiz interesa ordaindu beharko.

KREDITUARI LOTUTAKO PRODUKTUAK

Aurrerantzean bankuek ezingo dizkiete hipotekari lotuta produktu gehiago inposatu bezeroei. Hori bai, eskaintzen jarraitu dezakete. Banku askok hobariak ematen dituzte hipotekarekin batera beste produktu batzuk kontratatzearren. Orain, ordea, maileguaren kostua soilik dakarren aurrekontu bat eskaini beharko diote bezeroari. Gainera, mailegatzaileak bankuarenak ez direnbeste aseguru poliza batzuk sar ditzake kontratuan, eta gehitze horrek ezingo ditu maileguaren baldintzak okertu.

Horrez gain, araudiak galaraziko du bankuko langileen soldata lotuta egotea lotzen dituzten kredituen kantitatera. Hau da, langile batek ez du gehiago kobratuko mailegu gehiago lotzearren.

ETXEGABETZEAK

Legeak gehiago babestuko ditu hipotekatuak bahimendu kasuan. Lehen, kredituaren lehen erdian hiru hilabete ez ordaintzea nahikoa zen hipoteka exekutatzeko. Orain, etxegabetzea abiatzeko ordaindu gabe egon behar dira hamabi hilabete, edo utzitako diruaren %3. Maileguaren bigarren erdian bada, hamabost hilabetez kuota ez pagatzea edo maileguaren %7 ordaintzeke izatea izango dira baldintzak etxegabetze prozesu bat indarrean jartzeko. Neurri horrek atzerako eragina izango du martxan dauden hipoteka guztietan, klausula martxan duten kasuetansalbu.

IREKIERA KOMISIOA

Ohikoa da kreditua zabaltzeagatik bankuek komisio bat eskatzea. Lege berriak ez du bide hori moztuko. Hala ere, tasa bakarra ordaindu beharko du bezeroak, eta hor jasoko dira bai irekiera komisioa, bai sor ditzakeen gainontzeko gastuak, paperak egitea esaterako.

BANKU ALDAKETA ETA KONTRATUA HOBETZEA

Arau berriarekin bezeroak bankuz alda dezake edo hipoteka hobetu, inongo gasturik gabe.

Subrogazioa gertatuko balitz, bi bankuen artean banatu behar dituzte gastuak. Neurri horrek ekidin nahi du bankuentzat errentagarriagoa izatea beste erakundeen kredituak bere egitea mailegu berriak ematea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.