ekonomia

Bai Esan-ek 113 langileak kaleratzeko espedientea aurkeztu du

Euskaltelek ez dio bezero arreta zerbitzuaren kontratua berrituko. Langileek subrogazioa eskatu dute, eta mobilizazioak egingo dituzte.

Miren Garate.
2011ko ekainaren 21a
12:53
Entzun

Azken hamalau urteetan Bai Esan enpresa arduratu da Euskaltelen bezero arreta zerbitzuaz. Telefono konpainiak, ordea, ez dio kontratua berrituko, eta Bai Esanek 113 langileak kaleratzeko espedientea aurkeztea erabaki du. Uztailetik aurrera Ibermatica arduratuko da zerbitzuaz. Langileek subrogazioa eskatu dute, "enpresen arteko segida argia dagoelako".

ELA, LAB eta CCOOko ordezkariek jakitera eman dutenez, Ibermatica langile gutxi batzuekin jarri da harremanetan, momentuz. Xantaia egin diela salatu dute. "Ibermatican postuari eutsi ahal izateko, Bai Esan euren borondatez utzi behar dutela esan diete, eta antzinatasunari uko egin".

Aitzitik, azaldu dute zuzendaritzari nahiz koordinatzaileei enpresa aldatzeko eskaini diela. "Enpresen artean loturarik ez badago, zergatik exijitzen du Ibermaticak beste enpresa bateko kalte-ordainei uko egiteko? Zergatik ez du lan taldea subrogatu nahi eta zuzendaritza bai?". Sindikatuen arabera, lan kostuak murriztea da helburu bakarra.

Euskaltel jo dute egoeraren arduradun. "Hasieratik erabaki zuen bezero arreta zerbitzua azpikontratatzea, lan kostuak murriztu ahal izateko. Hala, prekarietatera kondenatu gaitu". 1.760 orduko lanaldia dute eta 800 euroko soldata. Krisiak krisi, azken hiru urteetan Euskaltelek irabaziak izan dituela gogoratu dute; iaz, esaterako, 330 milioi eurokoak. "Bada garaia Euskaltel bezalako enpresa ukiezinek, herri honetako bandera ontziak direnek, tokatzen zaien gizarte erantzukizunez jokatzeko".

Egoera salatzeko, protestak antolatu dituzte. Bihar lanuzteak izango dira, eta 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Donostian, Bulebarrean. Ekainaren 29rako eta uztailarenĀ  6rako eta 7rako, berriz, grebara deitu dute. "Subrogazioa lortzen ez badugu, prest gaude mobilizazio gehiago egiteko ere", azaldu dute langileen ordezkariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.