Bai Esan enpresari lantalde osoa kaleratzeko baimena eman dio Eusko Jaurlaritzak

Subrograzio eskubidea aitor diezaieten, kaleratuek epaitegietara joko dutela iragarri du langileen batzordeak

Azken asteetan mobilizazio ugari egin dituzte Bai Esan enpresako langileek. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Lan Ordezkaritzak onartu egin du Bai Esan enpresak aurkeztutako erregulazio eskaera. Hala, uztailaren 26an, zerbitzuaren ardura Ibermaticak hartzen duenean, kalean geratuko dira orain arte Euskaltelen bezeroentzako arreta zerbitzua eman duten langile guztiak, gehienak emakumeak. Zenbat izango diren, ordea, ez dago argi: duela gutxira arte 113 ziren, baina, azken egunotan hamabost bat langilek enpresa beren borondatez utzi dutela jakinarazi dute sindikatuek.

Langileen batzordeak gogor kritikatu du administrazioaren erabakia, «irabaziak handitzeko helburu bakarra» izanda, Euskaltelen eta Ibermaticaren interesak lehenetsi dituelako. Bai Esaneko langileen ordezkarien esanetan, Lan Ordezkaritzak egun bakar bat behar izan du erabakia hartzeko. «Kontsulta epea akordiorik gabe bukatu zela zioen akta entregatu eta hurrengo egunerako hartua zuen erabakia, artean erregulazioa atzera botatzeko arrazoiekin osatu dugun txostenik ere ez zuela».

Langileen batzordeari onartezina iruditzen zaio urtez urte irabaziak izan dituen enpresa bati 113 langile kaleratzeko baimena ematea, areago krisi garaian; eta onartezina iruditzen zaio Ibermaticarekin negozioa egin nahi izatea ere, Jose Luis Larrea delako hango presidentea. Jose Antonio Ardanza gaur egungo Euskalteleko presidentea Jaurlaritzako lehendakari zen garaian Ekonomia eta Ogasun sailburua izandakoa da Larrea; ondoren, Ibermatica eta Euskalteleko presidente karguetan egon zen, Euskalteleko presidentetza Ardantza hartu arte.

Sortu zenetik Euskaltelek azpikontratatu egin izan du bezeroentzako arreta zerbitzua: aurrena Telepromotion enpresa arduratzen zen, eta 2002az geroztik Bai Esan. Baina enpresa batean zein bestean, berberak ziren langileak. Aurrerantzean ere zerbitzuak jarraituko du, horregatik, «enpresen arteko segida dagoelako», subrograzioa eskatzen dute langileek. Ibermaticak, ordea, Bai Esaneko kudeatzailea, sei koordinatzaile eta hamar bat langile baino ez ditu kontratatu. Azken horiek enpresa borondatez utzi behar izan dutela eta antzinatasunari uko egin behar izan diotela adierazi dute sindikatuek.

Lanpostuen defentsan mobilizazioak egiten jarraituko dute Bai Esan enpresako langileek. Baina ez hori bakarrik. Langileen batzordeak jakinarazi duenez,kaleratuek auzitara joko dute subrograzio eskubidea onar diezaieten.

Orain artean, Euskaltelek ez du iritzirik eman kaleratzeen inguruan. Bai Esanekin zuen kontratua ekainaren 30ean bukatzekoa zenez, hornitzailea kontratatzeko hautaketa prozesu bat egin zuela besterik ez zion argitu BERRIAriorain egun batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.