Ipar Euskal Herriko 58 enpresa batu dira Lantegiak proiektuan. Merkataritza Ganberaren barnean abiatu dute dinamika berria, eta EGE Enpresen Gizarte Erantzukizunerako araudia plantan ezarri dute; enpresa bakoitzak izenpetu du, eta “engaiamendu konkretuen bidez” gauzatuko dela adierazi du Lantegiak dinamikaren eramaile Pantxoa Bimboirek. Araudi horrek “tokian tokiko errealitatea” kontuan hartzea du helburu, gizartearen eta ingurumenaren erronkei erantzuteko. Zenbait atal dauzka, eta enpresa bakoitzak ahal duen heinean bete behar ditu neurri bereziak.
Gizarte arloan, euskararen tokiaz hausnartu dute, eta hizkuntzaren erabilpena sustatu nahi dute EGEren bidez. Adibidez, Caroline Phillips Lantegiak elkarteko partaide eta enpresaburuak urte bateko formakuntza pagatzen die euskara ikasi nahi duten langileei. Emile Negeluak ere euskara sustatu nahi du Studio Waaz bere komunikazio enpresan: “Guk Seaskatik ateratzen diren bi ikasle enplegatu ditugu, adibidez. Gure langileen erdiek baino gehiagok euskaraz egiten dute, eta guretzat garrantzitsua da euskara lan hizkuntza izatea”. Harekin bat egin du Beñat Elkegarai enpresaburuak: “Aurten proposamen handi bat egin diegu gure langile guziei, jakiteko euskara ikasi edo arra ikasi nahi zutenez: gehienak interesatuak dira”. Robotika enpresa baten buru da, eta Maulen (Zuberoa) du lantegi nagusia, baina Ordizian ere (Gipuzkoa) badu egoitza. Langileen artean euskaraz ari direla nabarmendu du: “Afektiboki eta kulturalki ontsa da sentitzea lurraldearekin lotuak garela eta kanpoko jendeari erakusten dio euskara ikasi beharko duela”.
Hizkuntzaren atalaz gain, “lurraldeko kapitalean inbertsioak” izatea eskatzen du EGEk. Tokiko enpresen arteko elkarlana bultzatu nahi dute salerosketen bidez, eta tokiko egitasmoetan parte hartuz. Enpresen “aberastasunen partekatzea” bultzatu nahi du Lantegiak dinamikak. Enpresa bakoitzak ahal duen heinean lansarien emendatzea segurtatu behar du; gutxiengo lansariaren %5 hasieran. Enpresaren kapitala irekitzea ere hobesten dute, langileak “aktiboago eta inplikatuago izan daitezen”. Elkegaraik dio belaunaldi berriak erakartzeko balio duela horrek: “Erabakiak partekatu behar dira; langileek sentitu behar dute eragile direla. Gure arteko ezberdintasuna behar da txikitu. Uste dut gazteek dinamika hori sentituko dutela; horretarako, ingurumenaren zaindari ere izan behar dugu”.
EGE araudiak ingurumenaren zaintza ere bultzatu nahi du. “Adibidez, tokiko hornitzaileengana jo dezakegu”, azaldu du Phillipsek. Bestalde, “eguneroko jestu txikiak zaintzeko” deia egin dute; birziklapena, energia gastuak apaltzea edo garraio publikoen erabilpena aipatu dituzte, besteak beste. Beste neurri batzuk nabarmendu dituzte, hala nola: mezenasgo kulturala, preso ohien gizarteratzea eta elbarrien laguntzeko egiturak segurtatzea. “Enpresa bakoitzak ahal duen neurrian bete behar ditu neurri horiek”, zehaztu du Bimboirek.
Abiatu duten planoa hiru urtekoa da, eta espero dute enpresa gehiago batzea elkarren arteko harremanak sendotzeko. Zikloaren amaieran, autoebaluazio fase bat hasiko dute, eta, araberan, datozen urteetarako EGE xarta egokitzea pentsatu dute.