Diruaz, baliabideen banaketaz, hitz egingo da aurten. Bost urtean behin egiten den modura, Espainiari ordaintzen zaion kupoa negoziatu beharko du berriro Eusko Jaurlaritzak. Baina etxean ere lanak ditu, Ekarpenen Legea aldatzeko unea baita. Ogasunek biltzen dituzten sosak gobernuaren eta aldundien artean nola banatu finkatzen duen arau horrek ez du ia aldaketarik izan 1985ean lehen aldiz martxan jarri zenetik. Egoera aldatu da orain, eta, behintzat, alderdi nagusiak prest daude ereduaren azterketa sakona egiteko.
Kupoari dagokion kopurua kendu ondoren, koefiziente bertikala ezartzen du Ekarpenen Legeak: diru guztiaren %70,44 Jaurlaritzak eskuratzen du, eta gainerakoa aldundien esku geratzen da. Gobernuari eman beharreko dirua, berriz, koefiziente horizontalak zehazten du, eta aldakorra da. Esaterako, 2005eko aurreikuspenaren arabera Arabak diruaren %16,33 jarriko du, Bizkaiak % 50,76 eta Gipuzkoak %32,91. Kopuru horiek kalkulatzeko hainbat aldagai erabiltzen dira, herrialde bakoitzaren ahalegin fiskala eta Barne Produktu Gordina (BPG), batez ere.Eredua bera auzitan dago. Eusko Jaurlaritzak, orain arte, koefiziente bertikalaren edozein jaitsiera errefusatu du. Gobernuak argudiatzen du ez dela eskumen aldaketarik gertatu, eta, ondorioz, ez dela baliabideen banaketa aldatu behar. Aldundiek, aldiz, gero eta gastu gehiago dituztela azpimarratu dute, gizarte zerbitzuen eskaera asko handitu delako, eta Jaurlaritza gainfinantzaturik dagoela iradoki dute.Arabako Foru Aldundia, Alderdi Popularraren eskuetan, nabarmendu da gehien Ekarpenen Legearen erreforma exijitzeko orduan. Duela bost urte izandako negoziazioetan tirabira latzak izan zituzten Ramon Rabanera ahaldun nagusiak eta Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariorde eta Ogasun sailburuak. Arabak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak jasotzen duen dirua %8 jaistea proposatu zuen.Azkenean, ez zen Rabaneraren ideia gauzatu, baina gobernuak 600 milioi euroko inbertsioak agindu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, aldundi bakoitzaren gogoa asebetetzeko. Egun, aldiz, Araba ez dago bakarrik, eta dagoeneko EAJn bertan Ekarpenen Legeari buruz gogoeta egiteko beharraz mintzo dira.
Josu Jon Imaz EAJko Euskadi Buru Batzarreko lehendakariak gaia aipatu zuen urte berrirako asmoak azaltzerakoan. «Egun gizarteak dituen baldintzei egokitutako eredua definitu behar da, egoera ekonomiko eta sozialei, eta populazioaren ezaugarriei adineko gehiago ditu, eta zerbitzu gehiago behar ditu aurre egiteko». Erakunde bakoitzak zein zerbitzu (hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, azpiegiturak) eskaintzen ari den kontuan izatea eskatu zuen Imazek.
Buruzagi jeltzaleak, hala ere, alderdiko beste arduradun batzuen ezinegonari erantzun beharko dio. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere aldaketak nahi ditu diruaren banaketan. «Koefiziente bertikalaren etengabeko igoerak diputazioaren eta udalerrien eskuetan dauden baliabideen jaitsiera eragin du, eta udalerrien eta aldundien eskumen diren gaietan erakunde arteko planak martxan jarrita orekatu nahi izan da. Baina hori ez da bidea».Bizkaiko Foru Aldundiaren aburuz, agerikoa da gizarte zerbitzuen eskaerak hazkunde indartsua izango duela datozen urteetan, eta, eskuduntzen banaketa aldatu gabe, baliabideak nori dagozkion zehazteari ezinbestekoa deritzo.Aldundiek duten beste kezka bat erakundeen zorpetze egoera da. Rabanerak emandako datuen arabera, 2000tik 2005era Eusko Jaurlaritzak bere zorratik 800 milioi euro kitatu zituen, eta, tarte berean, aldundi guztien arteko zorpetzea 600 milioi euro handitu zen. «Legearen edozein aldaketak Jaurlaritzari ematen zaion dirua murriztu behar du, egungo sistemak foru administrazioak itotzen dituelako», Rabaneraren irudiko.
Ekarpenak kalkulatzeko eredua ere, zalantzan
Arabak are urrunago jo du, eta, koefiziente bertikala ez ezik, horizontala kalkulatzeko erabiltzen den sistema auzitan jarri du. Esaterako, BPG erabiltzea ez zaio egokia iruditzen, herrialde bakoitzak zergak biltzeko duen ahalmenarekin zerikusirik ez duela uste du. Gipuzkoako PSE-EEk ere eredua orekatzeko eskatu du. Miguel Buen sozialisten idazkari nagusiak errepideak jarri ditu adibide modura. «Errepide kilometroa, orografiaren ondorioz batez ere, Araban baino bost aldiz gehiago balio baldin badu Gipuzkoan, aldagai hori aintzat hartu beharko da».
Urtea hasita, aurki legea negoziatzeko batzorde teknikoak eratu eta bilduko dira.
Baliabideen banaketa egokitzeko premian bat datoz alderdiak
Ekarpenen Lege berriarekin Eusko Jaurlaritzak diru gutxiago jasotzeko eskatu dute Arabak eta Bizkaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu