Europako Batzordeak koronabirusaren krisiari aurre egiteko 500.000 milioi euroko funts bat sortzeko plan bat aurkeztuko du asteazken honetan. Itzuli behar ez diren diru laguntzek osatuko lukete egitasmoaren zatirik handiena, eta, neurri txikiagoan, itzuli beharreko maileguek ere bai. Funtsak bi urteko iraupena izango luke. Hala iragarri du Martin Selmayr Batzordeko idazkari nagusi ohiak eta Austriako egungo ordezkariak.
Selmayrren arabera, oraindik zehaztu gabe dute diru laguntzen eta maileguen arteko erlazio proportzional zehatza; uste du % 60-40 edo %70-30 izan daitekeela. Litekeena da auzi horrek gobernuburuen arteko negoziazioak luzatzea, gutxienez ekainaren erdialderako aurreikusita dagoen goi bilerara arte. Uztailerako akordioa lortzea espero du berak.
Zalantza nagusietako bat da Herbehereek, Austriak, Danimarkak eta Suediak osatzen duten taldeak onartuko ote duen Bruselak aurkeztutakoa. Laukote horrek ez du diru laguntzen sistema nahi, eta azaldu du itzuli beharreko maileguak bi urterako ematea baino ez dutela onartuko. Batzordearena erdibideko proposamen bat izango litzateke, beraz: estatu horiek eta aurretik Frantziak eta Alemaniak eginikoen artean kokatuko litzateke. Hegoaldeko herrialdeek ere laguntza zuzenak eskatu dituzte, maileguen ordez —haiek jasango dituzte krisiaren ondoriorik latzenak—.
Selmayrrek aurreratutakoa berretsiko balitz, funtsaren zenbatekoa Emmanuel Macron presidenteak eta Angela Merkel kantzilerrak aurkeztutako planaren berdina izango litzateke —itzuli behar ez diren laguntzak zeuden jasota plan horretan—. Bestalde, bat egingo luke laukoak eginiko eskaera batekin: bi urterako izatea, 2022an amaitzea, koronabirusaren beste kutsatze olaturik ez badago behintzat.
Zerga berriak
Era berean, funtsaren zuzkidura bonuak jaulkiz egingo litzateke, Europako Batasunaren 2021-2027. urteetarako aurrekontuaren bermearekin. Selmayrrek ez du ezer zehaztu aurrekontuaren igoerari buruz, ezta hori finantzatzeko moduaz ere. Horren diru iturri nagusia da estatuen ekarpena: estatu bakoitzaren errenta nazional gordinaren % 1,16 da gaur egun, eta hori %2ra igotzea aztertzen ari da —EBren historian inoiz ez da %1,3 baino handiagoa izan—. Holandak, Austriak, Danimarkak eta Suediak ohartarazi dute ez dutela horren igoerarik babestuko.
Beste finantzaketa bide batzuk aztertzeko prest azaldu da batzordea. Hala, Europako Parlamentuak eskatu bezala, Selmayrrek esan du baliabide propio berriak sortzea proposatuko duela, hala nola plastikoari, karbono dioxidoaren isurien merkataritzari, irabazi digitalei eta multinazional handien sarbideari ezarritako zergen bidez. Kalkulu batzuen arabera, tasa berri horiek 300.000 milioi eurorainokoak izan daitezke.