Koronabirusa

EBko kideei laguntza zuzena ematea onartu dute Merkelek eta Macronek

Aurrekontu komuna bilioi erdi bat handitu nahi dute, sektore eta eskualde kaltetuenei banatzeko

Emmanuel Macronen eta Angela Merkelen agerraldi telematikoa, atzo. FRANÇOIS MORI / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Alemaniak eta Frantziak hartu dute berriro ere Europako Batasunaren lema. Ikusita EBko 27 kideak ez zirela ados jartzen, proposamen bateratu bat egin dute koronabirusaren krisiak sortuko dituen kalteetako batzuk funts komun batekin konpontzeko. Bilioi erdi euro izango lituzke funts horrek, hegoaldeko estatuek eta Europako Parlamentuak eskatzen dutena baino gutxiago, baina haien beste eskaera nagusia beteko luke: dirua ez da mailegu gisa iritsiko, transferentzien bidez baizik. Hau da, laguntza jasotzen duenak ez duela ezer itzuli beharko. Baldintza gisa aipatu dute «agenda erreformazale anbiziotsu bat» izan beharko duela dirua nahi duenak.

Maileguak dira orain arte EBk onartu dituen beste hiru laguntza lerroak: ESM erreskate funtsaren 240.000 milioi euroak, Europako Inbertsio Bankuaren 200.000 milioiak eta Sure langabezia sariak pagatzeko Batzordearen programaren 100.000 milioi euroak.

Berlinen eta Parisen ekinaldiak Europako Batzordearen teilatuan jarri du pilota. Hari dagokio bere proposamena egitea, hilaren 27an. Baina Merkelen eta Macronen urratsak erraztu egin du Bruselarena, orain laguntza baitu transferentziekiko uzkurren ziren herrialdeen erresistentzia agortzeko, hala nola Herbehereena, Austriarena eta Finlandiarena. Talde horretan zegoen Alemania ere, atzo arte.

«Eskertu egiten dut Frantziaren eta Alemaniaren proposamen eraikitzailea. Onartu egiten du Europak erronka ekonomikoaren neurria, eta hari aurre egiteko irtenbidea EBren aurrekontua dela nabarmentzen du», azaldu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak, Merkelen eta Macronen agerraldia amaitu bezain pronto.

Merkatuetan bildu

Hain zuzen ere, kantzilerrak eta presidenteak proposatu dute Europako Batzordeak 500.000 milioi euro handitzea bere aurrekontua. Diru hori merkatuetan bilduko luke Bruselak, EBko kide guztien bermearekin. Behin dirua bilduta, «epe motzean gastatu beharko luke, eta epe luzean itzuli», Merkelek zehaztu zuenez.

Nork ordainduko du diru hori? Alemaniako eta Frantziako agintariek esan zuten proposamena irekia dagoela, baina iradoki zuten modu zuzenena litzatekeela herrialde bakoitzak EBren aurrekontuan egiten duen ekarpenaren araberakoa izatea. Horrek ekarriko luke Alemaniak, Herbehereek eta, oro har, herrialde aberatsek gehiago jarriko luketelajasoko luketena baino.

Macronek esan zuen «krisiak gehien zigortutako sektoreek eta eskualdeek» jasoko luketela dirua. Horrek ekar dezake diruaren zati handi bat Mediterraneo inguruan geratzea, han iragarri baitute guztiek ekonomiaren erorikorik handiena, proportzionalki hildako gehien dutenak ez ezik, haiek dutelako turismoarekiko menpekotasun handien. Aeronautikak ere kolpe handia jaso du, aire trafikoa ia erabat eten delako bi hilabetez, eta ez delako bat-batean berreskuratuko, mugen ondorioz.

Merkelek eta Macronek azaldu zuten «osasunaren Europa» sortzeko garaia iritsi dela. Hau da,berreskuratu egin behar duela osasunarekin lotutako zenbait produkturen produkzioa, hala nola maskarena eta testena, krisiak erakutsi baitu Txinako ekoizpenen erabat menpeko dela. Beste hainbat «sektore estrategiko» ere berriro kontinentera ekarri nahi dituzte. «EB ez da itxi behar, baina ezin da hain inozentea izan», adierazi zuen Macronek. Beste lehentasun bat trantsizio ekologikoa da, Alemaniaren eta Frantziaren iritziz: «Itun Berdea ez dugu ahaztu behar; kontrakoa, bizkortu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.