Ontziolak

Baliteke Navalek lan karga lortzea aste gutxi barru

Ekonomia sustatzeko Bizkaiko diputatuak dio Sestaoko zuzendaritza "hainbat negoziaziotan" dabilela eta akordioak lor ditzaketela "otsailerako edo martxorako".

Langile bat, pasa den astean bilkura batean. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
xabier martin
2014ko otsailaren 12a
14:12
Entzun

"Ez dut lasaitasuna eskatuko, langileei lasaitasuna eskatzea ez delako erraza, baina bai zuhurtzia, baita errespetua ere, zuzendaritza taldeak eta enpresak negoziazio hauetan lortzen dutena ikusi ahal izateko". Imanol Pradales Ekonomia sustatzeko Bizkaiko diputatuak Euskadi Irratian esan duenez, Sestaoko ontziola "hainbat negoziaziotan" dabil eta baliteke akordioak ixtea "otsailerako edo martxorako".

Navaleko langileak moblizazioetan ari dira azken asteetan, lan karga bukatu delako eta ontziola historikoaren itxiera benetako mehatxu bilakatu delako, azken urteetan enplegua erregulatzeko hainbat dosier pairatu eta gero. "Navalen arazorik handiena da orain arte ezin izan duela ontzi berririk lortu merkatuan", esan du Bizkaiko diputatuak. Gauzak alda daitezkeela uste du, hala ere. "Badakigu, informazioa eta Navalekin harreman zuzena dugulako, hainbat negoziaziotan sartuta daudela eta batzuk otsailerako edo martxorako itxi daitezkeela, baina zuhurtzia behar da".

Ontziolen sektorean "gauza bitxi bat" gertatzen ari dela azaldu du Pradalesek. "Ontziola txikietan, Bizkaian Zamakona eta Muruetan, eta Gipuzkoan Balenciagan, lan karga lortzen ari dira, ontzi berriak egiteko kontratuak, eta Navalek, aldiz, ezin izan du orain arte ezer lortu". Ontziola horiek "merkatu desberdinetan" daudela uste du diputatuak; "gauza bat da ontzi txikiak egitea, oso espezializatuak, atunontziak adibidez, eta bestea ontzi handiak egitea, kasurako gas ontziak. Erritmoak eta bezeroak oso desberdinak dira, eta lehia ere bai".

Gainera, tax lease sistemaren garrantzia ez da neurri berekoa merkatu desberdin horietan. "Naval lehiatzen den merkatuan oso garrantzitsua da, eta atunontzien merkatuan ez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.