Banaketatik hurbilago

UPNk beste 132 milioi euro murrizteko erabakian atzera egiten ez badu, Nafarroako Gobernua utziko duela iradoki du PSNkDefizitaren eta zerga bilketaren egoerarekin justifikatu nahi du Mirandak gastu jaitsiera

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako presidenteordea, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariarekin. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Gobernu krisia Nafarroan. UPNk eta PSNk orain dela urtebete sinatu zuten ituna kolokan geratu da, Nafarroako Gobernuak gastuan murrizketa gehiago iragarri ondoren. Erabaki hori UPNk bere kasa hartu duela ziurtatu dute Nafarroako sozialistek, eta Yolanda Barcinaren alderdiak atzera egin ezean kabinetea utziko dutela iradoki dute. Ia akordioa hitzartu zen egunetik desadostasunak izan dituzte bi alderdiek, baina oraingo honetan hausturak sekula baino gertuago dirudi.

Erkidegoek lehen hiruhilekoan izandako defizitari buruzko datuak jakinarazi behar zituen atzo eguerdian Espainiako Ogasun Ministerioak. Informazioari aurrea hartuta, kontu publikoen egoerari buruzko agerraldia egin zuen Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak. Zerga bilketaren jaitsiera eta defizit egoera ikusita, bestelako neurriak hartu behar zituztela jakinarazi zuen. Maiatza arte %13,5 jaitsi da zerga bilketa, eta defizitak %1,09ra iritsi da lehen hiruhilekoan, Espainiako Gobernuarekin urte osorako %1,5 hitzartuta badu ere.

Hain zuzen ere, aurrekontuetatik 132 milioi euro ez erabiltzeko erabakia hartu du Nafarroako Gobernuak. Gastuko aurrekontuetatik %3,5 inguru da. Mirandak ez zuen jakinarazi jaitsiera non eta nola gauzatuko den, baina atzo bertan gobernuak dirua atxikitzea ahalbidetzen duen foru araua onartu zuen.

PSNren erreakzioa ia berehalakoa izan zen. Arratsaldean, agerraldi zorrotza egin zuen Juan Jose Lizarbe PSNko ekonomia arloko arduradunak. Murrizketak UPNren «alde bakarreko» erabakia izan zirela salatu zuen Lizarbek. Asmoaren berri eduki bezain pronto, foru araua eta agerraldi publikoa bertan behera uzteko eskatu zion Roberto Jimenez Nafarroako presidenteorde eta PSNko idazkari nagusiak UPNri. Eskaerari ezentzunarena egin eta aurrera jarraitzea erabaki zuen Mirandak, ordea.

Ekintza horrek ondorio larriak dituela ohartarazi zuen Lizarbek. «Koalizio gobernuaren akordioa hautsi du UPNk». Gastu atxikipenak martxan jarriak direla aurreratu zuen, gainera. «Goizean diru atalak blokeatu dira gobernuko departamendu guztietan».

UPNk agiri baten bidez erantzun dio PSNri. Horretan, Carlos Garcia Adanero idazkari nagusiak ziurtatu zuen pakturik ez dutela hautsi, 132 milioiko doikuntzak «Jimenezen oniritzia» zuelako. UPNk ez du gobernu krisiaz hitz egin: «Ez da alderdikerien garaia. Orain Gobernuaren barruan erabaki behar dugu doikuntza hori nola egiten dugun».

Ez da UPN eta PSN murrizketen inguruan muturtuta ageri diren lehen aldia. Espainiak hezkuntzan eta osasungintzan murrizketak eta amnistia fiskala martxan jarri zituenean, bide hori jarraitzeari buruzko desadostasunak agerian geratu ziren. Defizit helburua betetzeko 54 milioi falta zitzaizkion Nafarroari. Negoziazio luzeen ondoren, 87 milioi gehiago biltzeko akordioa hitzartu zuten bi bazkideek, murrizketak eta zerga igoerak tartekatuta.

Akordioa orain dela hiru aste aurkeztu zuten bi alderdiek. Hain denbora laburrean egoera zertan aldatu den azaltzeko exijitu zion Lizarbek UPNri. «Datuak eskuetan frogatu beharko du zergatik den beharrezkoa». Gai horretan sozialistak hartu beharreko neurriei buruz eztabaidatzeko prest leudeke, «baina ez edozeren truke». Baldintzapeko eskaintza da, hala ere. Ezer baino lehen foru araua erretiratzeko edo baliorik gabe uzteko exijitzen du PSNk, eta, UPNk atzera egiten ez badu, datozen egunotan «neurri egokienak» hartuko ditu.

Murrizketak iragartzeko eguna ez da kasualitatea izan. Ogasun Ministerioak emandako datuen arabera, martxoa arte defizit handiena izan du Barcinaren gobernuak. Hain zuzen ere, lortu baino 268 milioi euro gastatu ditu, BPGaren %1,44. Urteko helburu orokorretik oso gertu dagoen portzentajea da. Nafarroako Ekonomia Sailak, berriz, defizita 203 milioi eurora mugatu zuen, ia 0,4 puntu gutxiago. EAEk, berriz, %0,25eko superabita izan du.

Datu hori murrizketak justifikatzeko erabili zuen Mirandak, beste batzuetan garrantzia kentzen saiatu den arren. «Nafarroaren argazkia lehen itxieran ez da onena izango, baina garrantzitsuena ez da hasiera, amaiera baizik». EAEren eta Nafarroaren kasuan, zerga sistema propioa izateak behin-behineko bihurtzen du edozein kalkulu. Lizarbek berak Nafarroa beste erkidegoekin alderatzea burugabetzat jo zuen. «Inork uste al du benetan Nafarroaren finantza egoera Valentzia, Murtzia edo Gaztela Mantxakoa baino okerragoa dela?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.