AEBetako Altxorraren ikerketa baten arabera, krimen antolatuak bere dirua zuritzeko erabili ohi du BPA. Informazio horrekin, Andorrako Gobernuak gaur arratsaldean erabaki du BPAn esku hartzea. AEBetako agintariek uste dutenez, BPAko hiru burukidek Errusiako eta Txinako mafietako operazioak ahalbidetu dituzte, komisioen truke.
BPA Andorrako bost bankuetatik bat da, eta Cierco familiak du haren kontrola.
Espainiako Bankuak argi utzi du bera erabakia ez dagoela Banco Madriden kaudimen arazoekin edo likidezia eskasiarekin lotuta, baizik eta AEBetako eta Andorrako agintarien ekimenei. Agiri batean azaldu du esku hartzearen bidez "erakunde horrek jarduera ziurtatu" nahi duela, "ikusita zein erabaki hartu dituen AEBetako Altxorrak eta INAFek [Andorrako banku zentralak]".
Efe agentziari egindako adierazpenetan, Banco Madriden bozeramaile batek "erabaki lasaitasuna" adierazi nahi izan du, eta oroitarazi du Espainiako Bankuko gainbegiraleen azterketa gainditu berri duela.
Kutxaren operazio kaskarra
Espainiako merkatuan 2011n sartu zen BPA, Kutxari Banco Madrid erosi zionean. Banku pribatu txikia da Banco Madrid, aberatsen diruak kudeatzen dituen horietakoa. Fernando Spagnolo Kutxako presidente zen garaian, 2001. urtean, erosi zion Deutsche Banki 23 milioi euroren truke. Krisia hasi zenean sektore horretatik ateratzeko gogoa azaldu zuen Kutxako zuzendaritzak, banka pribatuaren negozio mota hori ez zetorrelakoan bat aurrezki kutxaren ildo estrategikoarekin. Orduan kaleratu zenez, 150 milioi patrikaratu zituen Kutxak, baina denak ez ziren irabaziak izan, Banco Madridek hainbat buruhauste eman zizkiolako Gipuzkoako finantza erakundeari. Banka pribatuaren gainbeherak eraginda, hainbat aldiz hornitu behar izan zuen diruz eta 2008an larrialdizko plan bat onartu behar izan zuen bere kontuak garbitu eta bazkide berriak topatzeko.
BPAren kontrolpean Banco Madrid asko hazi da, beste kutxa eta banku batzuren inbertsio eta kudeaketa adarrak erosten aritu delako. Horrela, 2013an hamabost bulego eta 264 langile zituen bankuak, aurreko urtean baino 89 gehiago. Bezeroak ere %22 handitu zituen.
EspainIako bankuen elkartearen datuen arabera, 1.770 milioi euroren aktiboak zituen Banco Madridek 2014ko irailean. Gordailuak 675 milioi izango lirateke. Invercoren datuen arabera, joan den otsailean 3.800 milioi euroren ondasunak kudeatzen zituen.
Jordi Pujol kasuarekin ere lotura du Banco Madridek. Kataluniako Generalitateko presidente ohiak Andorran ezkutatu zuen dirutza BPAren filial espainiarraren bidez erregularizatu zuen,