Eurogunea krisian. Espainia merkatuen jomugan

Bankiak ez du baztertu diru gehiago behar izatea

Balizko irabaziak erabiliko dituzte erakundea zuzentzeko diru gehiago behar izanez gero

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta handiagoa da BFA-Bankiaren zuloa, eta orduan eta kezkagarriagoak dira finantza erakundeari buruzko albisteak. BFA-Bankiak ez du baztertu etorkizunean diru gehiago behar izatea. Hala jakinarazi zion atzo CNMV Balio Merkatuaren Espainiako Batzordeari. Bankiak dio diru premia gehigarri horiei aurre egiteko aurrena datozen urteetako balizko irabaziak baliatuko lituzkeela —funts hornidurak egin aurreko irabaziak—, birkapitalizazio planean ez baitituzte sartu datozen hiru urteetarako balizko irabaziak.

BFA Banco Financiero y de Ahorrok administrazio kontseiluaren bilera egin zuen atzo, diru kontuak eguneratzeko. Atzo arteko banakako azken emaitzetan, BFAk 423 milioi euro galdu zituen iaz; atzo onartutako emaitzen arabera, aldiz, 7.000 milioi euro baino handiagoak izan ziren, Expansión egunkariaren arabera, hau da, lehen esandakoa halako hamasei. Nolatan? Ba BFAk eguneratu egin behar izan duelako Bankian daukan %52ko partaidetzaren balioa. Lehen 12.000 milioi euro balio zuen; orain, aldiz, 5.500 milioi euro inguru.

BFAren adarra da Bankia. Tamainagatik, finantza erakundearen enborra. Iragan ostiralean Bankiak onartu zuen iaz 2.797 milioi euroren galerak izan zituela. Otsailean, Rodrigo Rato erakundeko presidente izandakoak esan zuen 309 milioi euro irabazi zituela.

Administrazio kontseiluaren osaketa ere aztertu behar zuten atzo. Bankiako ordezkari guztiek dimisioa eman zuten. Ikusteko zegoen ea BFA-Bankian ere hala egingo zuten.

Espainiako Gobernuak bere gain hartuko du BFA-Bankia, zazpi aurrezki kutxak osatutako taldea: Bankia (Caja Madrid eta Bancaja), Caja de Canarias, Caixa Laietana, Caja Rioja, Caja Avila eta Caja Segovia.

Akzioek, %13 gutxiago

Bankiako akzioen kotizazioa eten egin zuten iragan ostiralean, bankuak hala eskatuta. Atzo berriro salerosi ziren Bankiako akzioak. Une batzuetan, akzioek balioaren ia %30 galdu zuten, baina egunaren amaieran galera %13,38 izan zen. Bankia burtsaratu zenetik, iazko uztailetik, akzioek balioaren %63 galdu dute: 3,75 eurotik 1,36 eurora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.