Bankuak

Bankiaren %7 saldu du Espainiako Gobernuak, 818,3 milioiren truke

Banku nazionalizatuaren %60 du oraindik FROB erreskate funtsak, baina nekez berreskuratuko ditu jarritako 22.424 milioi euroak.

Iker Aranburu.
2017ko abenduaren 12a
12:41
Entzun

Apurka-apurka Bankia pribatizatzen ari da Espainiako Estatua, FROB bankuak erreskatatzeko funtsaren bitartez. 2014an akzioen %7,5 saldu zituen, eta 1.304 milioi euro patrikaratu zituen. Antzeko kopurua saldu du gaur goizean (%7), baina haren truke askoz diru gutxiago jaso du (818,3 milioi). Inbertsiogile kualifikatuei saldu die.

Akzio bakoitzaren truke 4,06 euro jaso ditu FROBek, Bankiaren akzioak astelehen gauean balio zuena baino %2,71 gutxiago. 2014. urtean, berriz, 6,04 euro lortu zituen akzio bakoitzeko. Urte horretan beheranzko bide bat hartu zuen bankuaren kotizazioak, eta 2016ko ekainean jo zuen behea, 2,20 eurotan salerosi zenean. Orduz gero, gorabeherekin, balioaren zati bat berreskuratu du.

Espainiako Estatuak 22.424 milioi euro jarri zituen Bankia porrotetik salbatzeko, gehiena Europako Batasunak emandako erreskatetik. Dirutza horren %11 baizik ez du berreskuratu, 2.656 milioi euro, kapitalaren %14,5 salduta eta 2014az geroztik Bankiak izandako irabazietatik dagokion zatiarekin.

FROBek 2019ko abenduaren 31era arteko epea du Bankia guztiz pribatizatzeko. Epe hori finkatu zuen Europako erreskaterako dirua jasotzeko sinatutako memorandum-ak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.