Bankiaren kontrola hartuko du Espainiako Gobernuak, BFA nazionalizatu ondoren

FROB funtsak BFAn zuen 4.465 milioiko parte hartzea akzioetan bihurtzeko bidean da, diru gehiago jarri gabe

Ivan Santamaria.
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Bankia taldeko akziodun nagusia izateko bidean da, atzoz geroztik, Espainiako Gobernua. Finantza erakundearen krisia bizkortu da joan den astelehenean Rodrigo Rato presidenteak dimisioa eman zuenetik. Ratoren ordezkoak, Jose Ignacio Goirigolzarrik, BFAren nazionalizatzea proposatu zuen, kargua hartu bezain pronto. Espainiako bankurik handienen artean laugarrena da Bankia: hamar milioi bezero eta 305.000 milioi euroren aktiboak ditu. Euskal Herrian 40 bulego inguru ditu, Bizkaian gehienak.

Zeharkako bide bat baliatuko du gobernuak. Banco Financiero y de Ahorros (BFA) erakundean FROB funtsaren bidez zituen lehentasunezko parte hartzeak, 4.465 milioi euro, kapital bihurtuko ditu. Kopuru horrekin, BFAren jabetzaren gehiengoa lortuko luke. BFA da orain Bankiaren akziodun nagusia — %45,5 haren eskuetan dago —, eta, horri esker, gobernuak hartuko luke bankuaren kontrola praktikan.

Banco Financiero y de Ahorros orain dela bi urte sortu zen, Caja Madrid, Bancaja eta bost aurrezki kutxa txiki bat eginda. Prozesuari laguntza emateko asmoz, 4.465 milioi euro sartu zituen gobernuak, finantza sistemaren berregituraketa bultzatzeko asmoz sortutako FROB funtsetik. Parte hartze horien truke ia %8ko interesak ordaindu behar zituen bankuak, eta, egoeraren arabera, aukera zuen parte hartzea berriro erosteko edo kapital bihurtzeko.

Hartutako bide horrekin, Espainiako Gobernuak ez du, oraingoz, Bankian edo BFAn diru gehiago sartu beharko, baina nazionalizatzea soilik lehen urratsa da. Bihar egun erabakigarria izan liteke. Alde batetik, finantza sistema onbideratzeko plan berri bat onartuko du Ministro Kontseiluak. Bestetik, Bankiaren kapitalizazioa indartzeko 7.000 eta 10.000 milioi euro bitarteko laguntza ematea espero da, ziur aski akzioetan bihurgarriak diren bonuak erabilita.

Kontu ikuskariaren ezezkoa

Espainiako Gobernuak Bankiaren egoerari bihar heltzea espero zen, baina urduritasuna handitu baino ez da egin azken hiru egunetan. Atzo, gainera, Deloitte kontu ikuskariak BFAren kontuak sinatzeari uko egin ziola argitaratu zuten zenbait hedabidek, antza, kontuetan agertutako kapitalizazio datuekin ados ez zegoelako.

BFAk apirilaren 30 arteko epea zuen joan den urteko kontu auditatuak CNMV ikuskatzaileari bidaltzeko. Azkenean, maiatzaren 4an egin zuen, eta agiriak ez zuen Deloitteren sinadurarik. El País egunkariaren arabera, Bankian BFAk zuen parte hartzearen balioari 3.500 milioi kendu behar zitzaizkiola uste zuen kontu ikuskariak. Ia irabazirik ez zuenez, balioa aldaketa ondarearen kontra egin izan balu, BFAren balioa zerora jaitsiko litzateke. Horiek horrela, gobernuak emandako 4.465 milioi euro horiek aktibatzea zen azken irtenbidea.

Azken hiru urteetan finantza arazoak zituzten zortzi erakunde nazionalizatu behar izan ditu Espainiako Gobernuak. Dagoeneko, CCM, Cajasur, Unnim eta CAM beste erakunde batzuen eskuetan daude, eta CatalunyaBancen eta Banco de Valenciaren enkanteak martxan daude. NGC Bancoren geroa argitzea falta da, eta, orain, Bankiarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.