Eskandaluak

Bankiaren txartel ezkutuen epaiketa hasi da

Bankuko bi presidente ohi —Rodrigo Rato eta Miguel Blesa— eta beste 63 lagun epaituko dituzte, bankuaren dirua beren apetetarako erabili zutelakoan.

Rodrigo Rato eta Miguel Blesa Bankiako presidente ohiak, gaur, Auzitegi Nazionalean. CHEMA MOYA
Iker Aranburu.
2016ko irailaren 26a
09:43
Entzun

Berandu hasi da juizioa Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen (Madril) duen egoitzan, epaileetako bat ezin izan delako azaldu. Angela Murillo izango da epaimahaiko burua.

Bankiako administrazio kontseiluan edo beste zuzendaritza organoetan eseritako 65 lagun epaitzen ari badira ere, bi lagunek erakarri dute arreta gehien. Batetik, Rodrigo Rato, bankuko azkenaurreko presidentea, eta epaitu guztien artean soslai politiko handiena duena, Espainiako Ekonomia ministro izan baitzen, eta Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari. Ustelkeriaren aurkako fiskaltzak lau urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, eta sei urtekoa akusazio partikularrak, Bankiak berak. Gainera, fiskaltzak eskatu du Ratok itzultzea bere agintaldian txartel ezkutuen erabiltzaileek gastatutako 2,69 milioi euroak. 2009-2012 epean Ratok berak 99.054 euro gastatu zituen Bankiaren black txartelaren bidez, horietako asko edari alkoholdunetan, parrandetan edo bitxietan.

Rato hamarrak laurden gutxitan azaldu da epaiketaren lekura, eta ordu erdi lehenago egin du beste akusatu nagusiak, Miguel Blesak. 1996tik 2009ra Caja Madrideko presidente eta Bankiako lehen buruzagi izandakoak 436.688 euro gastatu zituen ezkutuko txartelarekin. Bost urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat fiskaltzak, eta hamar urtekoa Bankiak, hura izan zelakoan gastu batzuk modu ezkutuan egiteko sistema sortu zuena. Haren agintaldian 9,34 milioi gastatu zituzten modu horretan. Diru hori Blesak itzultzea nahi du fiskalak.

Diaz Ferran, zuzenean espetxetik

Ratoz eta Blesaz gain beste pertsona ospetsu batzuk ere eseri dira akusatuen aulkian: Rafael Spottorno Espainiako erregearen aholkularia —223.152 euro gastatu zituen—, Javier Lopez Madrid Espainiako errege-erreginen adiskidea, Jose Moral Santin IUko burukide izandakoa —374.769 euro atera zituen ezkutuko txartelarekin kutxa automatikoetatik—, Arturo Fernandez Madrilgo patronaleko buru izandakoa, Jose Manuel Fernandez Norniella Ogasuneko Estatu idazkari izandakoa, eta Gerardo Diaz Ferran CEOE Espainiako patronaleko presidente ohia. Azken hori espetxetik zuzenean eraman dute, preso baitago Viajes Marsans enpresaren kudeaketan egindako delituengatik.

PPk estuki kontrolatutako erakundeak izan ziren Caja Madrid eta haren oinordeko Bankia, baina txartel ezkutuen kasuan PSOEko eta IUko kideak ere ageri dira, eta patronaletako buruekin batera CCOOko eta UGTko sindikalistak ere badira.

Akusatuek beren burua zuritu dute esanez txartelak legezkoak zirela eta soldaten osagarri zirela.

Burtsaratzea ere ikerketapean

Txartelen auzia Bankiaren inguruko eskandaluetako bat besterik ez da. Bankuaren burtsaratzea ere ikerketapean dago, akzioen balizko erosleei erakundearen egoera txarra ezkutatu zitzaielako. 2011ko uztailean burtsan lortutako dirutza ez zen nahikoa izan Bankia salbatzeko, eta 2012ko maiatzean Espainiako Gobernuak bankua nazionalizatzea erabaki zuen. Guztira, diru publikoko ia 23.000 milioi jaso ditu. Espainiak diru hori lortzeko zailtasuna zuenez, Europako Batasunari erreskatea eskatu behar izan zion.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.