Finantza krisiaz geroztik izandako asterik gogorrenaren ostean, burtsek eta dibisa merkatuek itxaropentsu hasi dute aste berria, munduko banku zentral nagusiek zantzuak eman dituztenean prest daudela ekintza bateratuak egiteko, koronabirusak eragindako ziurgabetasunei eta kezkei aurre egin eta ekonomia akuilatzeko xedez. Hala ere, mezu horiek ez dira nahikoa izan merkatuak baretzeko eta ekonomiari buruzko kezkak uxatzeko. OCDEren aurreikuspen ilunek zenbaki gorriak ekarri dituzte atzera.
Banku zentralen esku hartzearen arrastorik indartsuena Japoniako Bankuak utzi du, gaur goizean, ohar batean adierazi baitu prest dagoela «likidezia zabala eskaintzeko eta finantza merkatuen egonkortasuna bermatzeko, merkatu eragiketa egokien eta aktiboen erosketen bidez». Aurretik, AEBetako Erreserba Federalak ostiralean esan zuen erakundea «oso hurbiletik» ari zela gertakizunari erreparatzen, eta «ekonomia laguntzeko behar bezalako» ekintzak eta tresnak aipatu zituen.
Banku zentralek 2007. urtean egin zuten halako ekintza bateratu bat, AEBetako subprime hipoteken krisia ekonomiara hedatzen hasi zenean. Orain, ikusteko dago esku hartze bateratu hori zertan gauzatuko den, baina finantza agentzia eta aholkulari nagusiek jada interes tasen jaitsierak iragartzen dituzte eurogunean, AEBetan, Erresuma Batuan, Indian, Hego Korean...
Banku zentralekin batera, gobernuak ere hasi dira ekonomia akuilatzeko neurriak iragartzen. Txinak berak jada hartuak ditu neurri fiskalak, eta Italiak 3.600 milioi euroko diru injekzio bat egingo du herrialdeko ekonomian.