Bankuak salbatzeak %32ra igoko du aurten Irlandaren defizit publikoa

Kaleko protestei murrizte gehiagorekin erantzungo diete Espainiak, Portugalek eta Irlandak berak

Iker Aranburu.
2010eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Defizit publiko handien muga maila sinestezin batera arte igo du Irlandak: barne produktu gordinaren %32ko zuloarekin amaituko du urtea, orain baino hogeipuntu gehiagora. Hala ere, 2014an %3an uzteko Europako Batasunarekin hartutako konpromisoa berretsi du Dublinek. Nola? Orain arte gastu publikoan egindako murrizketa mingarriei beste batzuk gehituta. Eta ez da bakarra izango: Portugalek ere zerga igoerak eta gastuen jaitsierak iragarri ditu, eta Espainiako Gobernuak esan die sindikatuei herenegungo grebak ez duela austeritatearen bidetik mugituko.

Nazioarteko krisiari etxebizitza burbuilaren pitzatzeak eragindakoa batu zaio Irlandan. Hamarkada luze batez, uharteko bankuek edozein eraikuntza proiektu finantzatu zuten, «arduragabeki», atzo Brian Lenihan Finantza ministroak jakinarazi zuenez. Baina prezioen igoera izugarriak, finantza krisiak eta erosleen amaierak salerosketa eten zutenean, bankuek estatuaren laguntza jaso behar izan dute ez hondoratzeko. Atzo, Dublingo gobernuak salbamendu planaren kostua zehaztu zuen: guztira, 44.000 milioi euro gastatu ditu uharteko sei bankuak salbatzeko. Kopuru hori beste 5.000 milioi euroan handitu daiteke, baldin eta hurrengo hamar urteotan etxebizitzen prezioa igotzen ez bada.

Fakturaren zatirik potoloena Anglo Irish Bankek sortarazi du, eraikitzaileen kutunak: 29.300 milioi sartu dizkio Irlandako Errepublikak, bere BPGaren %21. Irish Nationwidek beste 2.700 milioi jasoko ditu -5.400 milioi guztira-, eta Gobernuak Allied Irish Banken dirua jartzen jarraitu beharko du, ia guztiz nazionalizatzeraino. AIBk 7.400 milioi euroko kapital handitzea egin nahi zuen, baina diru pribatu nahikoa lortzen ez duenez, pentsio sistema publikoa etorkizunean pagatzeko sortutako funts subiranotik 3.000 milioi euro jarriko ditu. Lenihanek kargutik kendu ditu AIBko bi arduradunak.

Zuloaren neurria aurkeztuta, Dublinek gardentasun mezua igorri nahi die merkatuei, kostuari buruzko zalantzak Irlandaren zor publikoaren gaineko interesak handitu ez ditzaten. «Noski kopuruak beldurgarriak direla, baina hamar urteko epean ordaindu daitezke», iragarri du. 34.000 milioi euroren zorrak urtean 1.700 milioi euro itzultzea ekarriko duela kalkulatu du ministroak. Hori egin ahal izateko, aurrekontuak murrizten jarraituko du Dublinek. Azaroan gastua beste 3.000 milioi euroan txikitzeko plana aurkeztu behar zuen, baina Lenihanek aitortu du orain kopuru hori handitu beharko dutela. Zenbat eta nola ez du argitu, ordea.

Zehatzagoa izan da, berriz, Jose Socrates Portugalgo lehen ministroa. Herenegun, Lisboan milaka lagunek murrizketak salatzen zituzten bitartean, Socratesek iragarri zuen BEZa %21etik %23ra igoko duela, funtzionarioen soldatak %10 arte txikituko dituela, pentsioak izoztuko dituela, inbertsio publikoak etengo dituela eta zergak igoko dituela. Neurri horiek hartzera behartu du Europako Batasunak, martxoko austeritate planarekin defizita murrizten ari ez zelako.

Espainian, aldaketarik ez

Espainian ere ez da austeritatearen garaia amaitu. Herrialde erdizka geratu zuen greba orokorraren biharamunean, mezu argia zabaldu die Elena Salgado Ekonomia ministroak sindikatuei: «Gure politika ekonomikoari eutsiko diogu: austeritate eta erreforma gehiago izango dira». Mezua Moody's kalifikazio agentziarentzat ere bazen, atzo Espainiaren zor publikoa mailaz jaitsi baitzuen.

Sindikatuen eskaerak ulertzen zituela esan arren, Salgadok ezinbestekotzat jo du defizita murrizteari lehentasuna ematea: «Gure herria merkatuen egoera aldakorretik babesteko modu bakarra da». Salgadok atzo aurkeztu zituen 2011ko aurrekontuak Kongresuan. Gastu publikoa ia %8 txikituko du, eta horrela espero du defizita aurtengo %9,3tik %6ra jaitsi ahal izango duela. Austeritateak enpleguan izango du eragina: langabezia tasa %19,8an geratuko da aurten-%19,4 zioen lehen-, eta 2011n %19,3ra jaistea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.