Europako Banku Zentralak (EBZ) diruaren txorrota ireki die bankuei, baina ez herrialdeei. Finantza erakundeei nahi adina diru utziko die, eta eskatzen duten diruaren zati bat herritarrengana eta enpresetara ere iristea espero du. EBZk, ordea, baztertu egin du zorraren bigarren mailako merkatuetan euroguneko herrialdeen zor bonuak pilaka erostea, herrialdeen finantzaketa kostuak merkatzeko. Horrez gain, EBZk interes tasak %1,25etik %1era jaitsi zituen. Bigarren jaitsiera jarraian eta historiako maila apalena, bigarren aldiz. Urtea ere %1ean hasi zuen. Azaroko jaitsiera ezustekoa izan zen, atzokoa ez.
Europako Batasuneko agintariek atzo gauean hasi zuten bi eguneko goi bilera erabakigarria. EBZren neurriek gehiago estutu ditu, EBZk ez baitie babes handiagorik eskainiko zor merkatuetan, ezintasun politikoek eragindako astinduak arintzeko. «Guk gure ikuspuntuak dauzkagu, prozesuan parte hartu dugu, baina orain erantzukizuna agintariena da», esan zuen atzo Mario Draghi EBZko presidenteak.
Gainera, Draghik eragozpenak baino ez zizkion jarri EBZk herrialdeei dirua uzteko NDF erabiltzeari. EBZk zuzenean ezin die dirua utzi herrialdeei. Oztopo hori gainditzeko Nazioarteko Diru Funtsa baliatzea negoziatzen ari dira: Europako Batasuneko banku zentralek NDFri utziko liokete dirua, eta hark euroguneko herrialdeei, haien zorra erosiz. Draghik atzo esan zuen ez lukeela Europako Itunari «izkin egiten» saiatu behar, eta NDFk ezin duela herrialdeen zorra erosi.
Christine Lagarde NDFko zuzendari nagusiak bilerara sartu aurretik esan zuen NDFk parte hartuko duela eurogunearen ahaleginetan, baina ez zuen zehaztu nola.
Draghik atzo zapuztu egin zituen iragan astean Europako Parlamentuan piztu zituen itxaropenak. Parlamentuan esan zuen herrialdeek zerga diziplina gogortuz gero, neurri gehiago har zitezkeela. Analistek eta merkatuek ulertu zuten EBZ neurri ausartagoak eta indartsuagoak hartzeko prest zegoela, herrialdeen zorra pilaka erostea zorraren bigarren mailako merkatuetan, esaterako. Bere hitzen interpretazioek Draghi asko harritu dute.
EBZ ari da herrialde horien zorra erosten, baina erosketa mugatuak dira. Draghik, gainera, atzo nabarmendu zuen erosketa horiek ezin dutela izan, «ez betiko, ez mugagabeak».
Erakundeak, presidentearen esanetan, ez du aztertu arazoak dituzten herrialdeen arrisku sariei muga bat jartzea.
Finantza erakundeei dirua errazteko hainbat neurri hartu zituen atzo EBZk. Alde batetik, hiru urterako maileguen bi eskaintza egingo ditu, diru mugarik gabeak: lehena abenduaren 20an eta bigarrena 2012ko otsailaren 28an. Normalean hamahiru hilabetekoa izan ohi da EBZk finantza erakundeei eskaintzen dien epe luzeena. Hiru urtera handituta, arnasaldia eskaini nahi die.
Baldintza samurragoak
Bestetik, finantza erakundeei nabarmen samurtuko dizkie EBZren maileguak jaso ahal izateko baldintzak. Finantza erakunde askorentzat EBZ da likidezia lortzeko aukera bakarra. EBZk atea handitu egin du finantzaketarako merkatu pribatuen ateak itxita dituzten bankuentzat: maileguen berme gisa onartuko dizkie hipotekak maileguak, enpresa txiki eta ertainei emandako maileguak, eta A kalifikazioko tituluak (orain arte AAA mailakoak eskatzen zituen). Behin-behineko neurria da, eta mailegu horiek herrialdeetako banku zentralen oniritzia beharko dute. Neurri horiek banku handienei baino gehiago, txikiagoei mesede egingo die.
Bankuei erreserba koefizientea era jaitsi egingo die urtarrilean, %2tik %1era. Erreserba koefizientea da bankuek dirutan gorde behar duten gordailuen portzentajea. Koefizientea jaitsita, diru gehiago edukiko dute, 100.000 milioi euro inguru gehiago.
Bruselako goi bileraren ikusminak eta oihartzunak itzalean utzi zuen EBZren atzoko erabakietako bat: interes tasak %1,25etik %1era jaistea. Bigarren jaitsiera jarraian. Banku zentraletako gobernadore guztiek ez zuten babestu erabakia. «Eztabaida bizia», izan zuten, Draghiren arabera.
Bankuei diruaren prezioa merkatuta, atzeraldi arriskuari aurre egin nahi die. Draghik bat egin zuen datorren urterako mezu ezkorrenekin. Ez zuen baztertu atzeraldia eurogunean. «Konfiantza falta», «finantza baldintza okerragoak», «ziurtasun falta»... aipatu zituen. Aurten barne produktu gordinaren (BPG) %1,5-1,7 arteko hazkundea espero du EBZk; datorren urtean, berriz, -%0,4 eta %1 artekoa. Lehen hazkunde handiagoa espero zuen, %0,4-2 ingurukoa. 2013an egoera hobetuko da, baina EBZk badaezpada hazkunde tarte zabala aipatu du ordurako, %0,3-2,3 artekoa.
%2tik gorako inflazioa espero du hainbat hilabetetan, petrolioaren prezioagatik eta zeharkako zergen igoeragatik.
Bruselako goi bilerara begira, Draghik esan zuen diziplina fiskala dela finantza merkatuen funtzionamendua bere onera bueltatzeko baldintza garrantzitsuena. Hori, eta egiturazko erreformak.
Bruselan bi proposamen nagusi izango dituzte mahai gainean: bata, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarena eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearena; bestea, Hermen Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearena. Funtsean bat datoz: Europako Batasuneko herrialdeek defizita kontrolatu behar dute; defizita legez mugatu behar da, Europako itunetan eta herrialdeetako konstituzioetan; eta muga gainditzen dutenak zigortu egin behar dira, zigorrekin eta Europako Batzordearen aginduekin, herrialdeen aurrekontuak baldintzatzeraino.
Neurri sortaren barruan bestelakoak ere sartu dituzte, esaterako, gobernu ekonomikoaren izenean lan merkatuak eta sozietate zerga bateratzeko.
Desadostasunak prozeduran
Prozeduran desadostasunak dituzte. Merkelek eta Sarkozyk itunak martxorako aldatu nahi dituzte; Van Rompuyk, berriz, bi abiadurako aldaketa planteatu du, orain protokolo batzuk eta gero erreforma sakonagoa.
Ikusteko dago oraindik zer onartuko duten eta zeinek onartuko duten. Merkel eta Sarkozy prest daude euroguneko hamazazpi herrialderen babesarekin aurrera egiteko, Europako Batasuneko 27 herrialdeen babesa lortzen ez badute.
Goi bileraren aurretik, Merkelek eta Sarkozyk mezu apokaliptikoak zabaldu zituzten Europako Alderdi Popularraren kongresuan, Marseillan (Frantzia), akordio faltaren eta merkatuen asteleheneko erantzunaren beldur. «Akordiorik lortzen ez badugu, Europak ez du beste aukerarik izango», esan zuen Sarkozyk. «Europa lehertzeko arriskua inoiz baino handiagoa da». Sarkozyk gogoan ditu urteotan fundamentuzko neurririk eta akordiorik gabe amaitu diren goi bilera guztiak.
Atzo arratsaldean bertan komunikabide gehienek aipatu zituzten gobernuetako iturriek ez zuten akordio potolorik espero. Ez, behintzat, Europako Batasuneko herrialde guztiena. Merkelek eta Sarkozyk ez zuten lortu David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro konbentzitzea, BBCren arabera.
Zorraren krisia. Goi bilera Bruselan
Bankuei bai, herrialdeei ez
EBZk dirua merkeago, errazago eta mugarik gabe eskainiko die bankuei, baina ez du herrialdeen zorra neurririk gabe erosikoMezu apokaliptikoak eta ezkorrak zabaldu dituzte Bruselako goi bilera hasi aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu