Bankuei krisia ordainaraztea onartu du Europarlamentuak
Ahalik eta finantza eragiketa gehienak zergapetzeko eskaera egin dio Europako Legebiltzarrak Europako Batasunari. Anni Podimata Greziako eurodiputatu sozialdemokrataren eskariak aldeko 487 boto jaso zituen, aurkako 152 eta 46 abstentzio. Proposamenak dioenez, zerga horien bidez 60.000 milioi euro bildu ahal izango lirateke urtero, eta bankuei ordainaraziko litzaieke espekulazioak eragindako krisia. Ezkerreko taldeek tasa handiagoak eskatu arren, Europako Batzordeak proposatutakoak ontzat hartu dituzte europarlamentarioek: %0,1ekoa akzioen eta bonuen salerosketan, eta %0,01 produktu deribatuetan. Bruselak txalotu egin du Europako Legebiltzarraren ekimena, «justizia kontua» delako. «Bankuek sektore publikoaren sekulako laguntza jaso dute. Arrazoizkoa da, beste sektoreek bezalaxe, berreskuratzeari ere laguntzea». Aurkako iritzia azaldu zuten eurodiputatu britainiarrek, uste dutelako neurriak kalte egingo liokeela Londresko Cityri, halako tasarik izango ez luketen munduko beste finantza gune nagusien mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu