Bankuak eta finantza sistema Europako Batzordearen jopuntuan daude. Europako Batasunak 4,6bilioi utzi dizkio finantza sistemari krisia lehertu zenetik. Orain, ordaina-edo nahi du: finantza salerosketei zerga bat ezartzea, Tobin tasa edo Robin Hood tasa deitua. Europako Batzordeak 2014an jarri nahi du indarrean, eta urtean 55.000 milioi euro inguru bildu nahi ditu. Baina proposamena antzua izan daiteke, Europako Batasuneko zerga politikak aldatzeko herrialde guztiek onartu behar baitute, eta batzuk kontra daude.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak atzo ez zuen ideia berririk aurkeztu Europako Legebiltzarrean, Europako Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian. Aurretik askotan aipatutakoak errepikatu zituen: eurobonuak jaulkitzea, finantza salerosketei zerga bat ezartzea eta Europako gobernu ekonomikoa sendotzea.
Tobin tasa ezartzeko prozesuak aurrera egiten badu, Europako Batasuneko erabakien ohiko bideari jarraituko dio: oso korapilotsua eta luzea izango da, eta ez dago ziurtatuta onartuko denik.
Erresuma Batua, esaterako, kontra dago. Esan du ez dagoela finantza salerosketen zergaren kontra, baina onartzekotan mundu guztian onartu behar dela. Eta Erresuma Batuak badaki ez dela mundu guztian onartuko, besteak beste Ameriketako Estatu Batuak zergaren kontra daudelako.
Europako Batzordeak Erresuma Batuari erantzun dio tasari betoa jartzen badio aztertu egingo duela eurogunean bakarrik ezartzeko aukera. Hala egiten badu, Londresek garaipen bikoitza lor dezake: berak zergak ordaindu ez eta Europako Batasuneko finantza jarduerak erakarri, zergak saihesteko.
Londresko City da Europako finantza salerosketen gunea. Hango ordezkarien esanetan, Europan finantza salerosketei zerga ezarriz gero, diruaren %80 Londresko finantza erakundeek ordainduko lukete.
%0,1 eta %0,01
Europako Batzordeak bi zerga mota ezarri nahi ditu: alde batetik, gutxienez %0,1ekoa akzioen eta zor bonuen salerosketei; bestetik, gutxienez %0,01ekoa, deribatuen operazioei. Herrialdeek proposatutakoak baino tasa handiagoak ezarriz gero, gutxienekoaren eta ezarritakoaren aldea herrialdearentzat izango litzateke.
Durao Barrosok uste du finantza sektoreak ekarpena egin behar diola gizarteari, «estatuak diru kontuak egonkortzen ari diren garaiotan». Nabarmendu zuen finantza sektorea krisiaren eragileetako bat izan dela eta beste sektore batzuk baino zerga txikiagoak dituela.
Ez dago hain garbi finantza salerosketei zerga ezarriz gero diruarekin zer egingo duten. Durao Barrosok Europako Batasuneko aurrekontua osatzeko eta herrialdeek ordaintzen dutena gutxitzeko erabili nahi du; Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, berriz, funts bat osatu nahi dute, etorkizuneko finantza krisiei diru horrekin aurre egin ahal izateko.
Hautsak harrotuko dituen proposamena egin zuen Durao Barrosok atzoko agerraldian: Europako Batasunaren erabakiak aplikatu behar izateko nahikoa izatea herrialde gehienen babesa, guztienaren ordez. Horretarako Lisboako Ituna aldatzeko prest dago. Herrialde asko ez, ordea. «Egungo batasunean kide motelenak ezartzen du erritmoa», kritikatu zuen.
Gehiegizko defizita eta zorra
Europako Legebiltzarrak gobernu ekonomikoa indartzeko sei neurriak onartu zituen atzo —Batzordeak iaz proposatu zituen—. Neurrien artean dago herrialdeak zigortzea, defizit publikoaren edo zor publikoaren mugak gainditzen badituzte —BPGaren %3 eta %60, hurrenez hurren—. Zigorra herrialdearen barne produktu gordinaren (BPG) %0,2koa izango da. Horrez gain, Europak ezarriko ditu herrialdeetako aurrekontuen irizpideak, eta aurrekontuak kontrolatuko ditu.
ELArentzat gobernu ekonomikoari buruzko neurriak onartzea «arduragabekeria politiko larria» da, «gizarte zerbitzuak gehiago murriztuko dituelako eta krisia okertuko dutelako».
Bankuei ordaina eskatu die
Europako Batzordeak finantza salerosketei zerga bat ezartzea proposatu du, baina herrialde batzuek aukera zapuztu dezaketeEuropako Legebiltzarrak gehiegizko defizita eta zorra dutenak zigortzea onartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu