Krisia eurogunean

Bankuek, asko jota, 62.000 milioi behar dituzte, aholkularien arabera

Kapital faltarik handiena nazionalizatuta dauden lau erakundeek dute, baina iraila arte ez da jakinaraziko bana-banako egoeraAntzeko emaitzak izan arren, alde handia dago txostenek kalkulatu dituzten galeretan

Ivan Santamaria.
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako bankuak erreskatatzeko asko jota 62.000 milioi euro beharko direla ondorioztatu dute Ekonomia Ministerioak kontratatu zituen bi aholkularitza enpresek. Kalkulu horren zain zegoen Raxoiren gobernua Europako Batasunarekin hitzartu berri duen erreskatearen zenbatekoa finkatzeko (100.000 milioi euro gehienez). Ez du esan nahi diru hori guztia ezinbestean eman beharko zaienik, baizik eta hurrengo hiru urteetan ekonomiaren egoera zeharo gogortuko balitz galerei aurre egiteko kapital hori beharko luketela. Gabezia globala kalkulatu dute aholkulariek, baina banku bakoitzak duen egoerari buruzko informazioa ez da iraila arte iritsiko.

Zenbait finantza erakunde egoera deserosoan uzteko arriskua du atzerapen horrek. Ekonomia Ministerioak eta Espainiako Bankuak bat egin zuten aurkezpenean, eta argi utzi zuten finantza sektoreko hiru erakunde indartsuenek aski dutela euren baliabideekin aurrera egiteko, hots, Santanderrek, BBVAk, eta Caixabankek ez dute erreskatetik sosik eskatuko. Halaber, finantza beharrik handienak nazionalizatuta dauden lau erakundeek (Bankia, NCG Banco, Catalunyabanc eta Banco de Valencia) izango dituzte, espero zen bezala.

Arazoa aztertu dituzten beste zazpi erakundeekin gertatzen da, horien artean Kutxabank. Multzo horretan era guztietako erakundeak sailkatuta daude. Beti banku izan direnak —Sabadell edo Bankinter, esaterako— edo aurrezki kutxa izandakoak. Hiru egoera dituzte: batzuek ez dute kapital gehiago beharko, beste batzuek euren kabuz estaliko dute gabezia eta badira laguntza publikoak beharko dituztenak ere. Zein den zein argitu ez izanak ondorioak izan ditzake, kontuan hartuta horietako batzuk burtsan kotizatzen ari direla. Kutxabankek beti esan du kapital beharrak gainditzeko moduan dagoela.

Bana-banako kalkuluak egiteko informazio aski ez dagoela eta ez zela berez ariketaren helburua desenkusatu zen Fernando Restoy Espainiako Bankuko gobernadoreordea. «Multzo horretan dauden erakunde gehienen egoera erosoa da», ziurtatu zuen. Edozein modutan, kapital ekarpen «neurritsu» batekin aurre egiteko eta «erabat» bideragarri izateko aukera dutela azaldu zuen.

Bi egoera abiapuntu

Azterketa egiteko, hamalau bankuren balantzeak —finantza sistemaren %90— aztertu dituzte Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitza enpresek. Datozen urteetara begirako bi egoera makroekonomiko aintzat hartu dituzte. Oinarrizkoa NDFk orain dela gutxi erabili zuena da: barne produktu gordina %2 jaistea 2013ra bitarte eta ondoren hazkunde apala, eta langabezia %23 inguruan izatea. Egoera horretan bankuak kapitalizatzeko 16.000 eta 25.000 milioi artean beharko direla uste du Oliver Wymanek, eta 25.600 milioi Roland Bergerrek.

Emaitza interesgarrienak, ordea, erabilitako beste irizpideak eskaintzen ditu. Kasu horretan, aurreikuspen ekonomiko askoz ezkorrago baten ondorioak neurtzen saiatu dira: BPGa %6,5 jaitsita hiru urtean, langabezia %27 baino handiagoa izanda eta etxebizitzaren prezioa %26,4 gutxituta. Datu horiek aintzat hartuta, Oliver Wymanek 51.000 eta 62.000 milioi artean behar izatea espero du, eta Roland Bergerrek, berriz, 51.800 milioi euro.

Antzeko emaitzak izan arren, bitxia da aholkularitza bakoitzaren neurketek abiapuntu zeharo ezberdina izatea. Hala, Oliver Wymanen arabera, finantza erakundeetan 253.000 eta 273.000 milioi arteko galerak izango dira; Roland Bergerren arabera, aldiz, 170.000 milioiren galerak baino ez dira ziango. Hortaz, zergatik dira azken emaitzak hain antzekoak? Bada, balizko galerei aurre egin ahal izateko bankuek gaur egun duten kapitalari buruzko kalkuluak ere zeharo ezberdinak direlako: askoz gehiago dela uste du Oliver Wymanek.

Edozein modutan, aurreikuspen ezkor horiek muturrekoak direla ziurtatu zuen Espainiako Bankuko buruzagi berriak, ez dagoela benetan gertatzeko hainbesteko arriskurik. 2008. urtetik etxebizitzek balioaren %55-60 artean galdu dutela esan nahiko luke, eta eraikuntzarako orubeei dagokienez, %85-90 bitartean. Bankuei egindako azterketa zorrotzena dela esan zuen Restoyk.

«Gardentasun» proba

Banku bakoitzari buruzko informazio zehatza ez izateak ez dio probari baliorik kentzen, Fernando Gimenez Latorre Espainiako Ekonomia estatu idazkariaren ustez. «Arazoak ondo identifikatuta zeuden, baina gardentasun handiagoa lortu dugu». Lehen aldiz, gainera, mailegu guztiak aintzat hartu direla nabarmendu zuen, ez soilik eraikuntzari lotutakoak. Gobernuak bi milioi euro ordainduko dizkie aholkularitzei, lanaren truke. Mariano Raxoi presidentearen irudiko, azterketa «zehatza eta sinesgarria» da.

Iraileko ebaluazioen ondoren, erakunde bakoitzak kapitalizatzeko plana prestatu beharko du. Sektoreko baldintzak aldatu direnez, Catalunyabanc eta Banco de Valencia esleitzeko enkanteak atzeratuko dituzte. Hala ere, Espainiako Gobernuak ez du nazionalizatuta dauden erakundeak likidatzea aurreikusten, «biderik garestiena delako». Halaber, eraikuntzako aktibo kutsatuak banku txar batekin kudeatzeko aukerari ateak ireki zizkion berriro, «Bruselari gustatzen zaion formula delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.