Bankuek beren krisiak paga ditzaten, Bruselak funts sare bat sortzea proposatu du

Ez du zehaztu zer zergapetu nahi duen; bai, ordea, herrialde bakoitzak bere funtsa izango lukeela

2010eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Bankuek sortutako krisiak herritarrek jarritako diru publikoarekin pagatzea ez da zilegi Europako Batzordearentzat. Hori dela eta, bankuei zerga berezi bat ezartzea proposatu du. Biltzen den dirua jasotzeko funts sare bat sortu beharko lukete Europako Batasuneko kideek, herrialde bakoitzak izango bailuke berea. Baztertu egin du, beraz, EB osorako funts bakarra sortzea, «askoz onura gehiago» ekarriko lituzkeela aitortu duen arren. EBko gainbegiratze sistema oso dezentralizatua izanik, funts bakarra sortzea «oso zaila» izango litzatekeela esan du Michel Barnier Barne Merkatu eta Zerbitzuetarako Europako komisarioak.

Bruselak proposatutakoa ez litzateke porrot egiten duten erakundeak salbatzeko tresna bat izango, ez litzateke «aseguru poliza bat» izango. Kaudimenik gabe gelditzen diren bankuak era ordenatuan kudeatzeko mekanismo bat izango litzateke, finantza sistema osoa kolokan jarri gabe. «Bankuengatik bankuek ordaintzea, ez herritarrek», hori da ekimenaren helburua Barnierren hitzetan. Ez du argitu, ordea, ez sareak nola funtzionatuko lukeen ez zenbat diru biltzea aurreikusten duten. Egungo krisian, Europako gobernuek sekulako dirutza jarri behar izan dute finantza sistemak hondoa jo ez zezan, kasu batzuetan barne produktu gordinaren %13. Nazioarteko Diru Funtsaren irudiko, nahikoa litzateke funts sare horretan EBko BPGaren %2 eta %4 artean pilatzea.

Kaltetutako aktibo bat edo kaltetutako erakunde baten zorraren transferentzia ordaintzekoedo banku on eta txarren arteko bereizketa finantzatzeko erabiliko litzateke funts sare horretako dirua. Baina, Bruselaren esanetan, «banku batek porrot egiten duenean, asegururik gabeko akziodun eta hartzekodunak izango dira ondoriei aurre egiten aurrenak».

Xehetasunak, udazkenean

Dirua zerga bidez bilduko dutela argi dago, baina zer zergapetuko duten ez. Aukera ugari proposatu ditu Bruselak, baina haietako inor lehenetsi gabe: aktiboak zergapetzea, pasiboak edo irabaziak eta goi karguen gainsariak. «Ez dut horren inguruan ezer esan nahi, merkatuek erantzun dezaketelako». Xehetasun horiek udazkenean argituko dituela zehaztu du Barnierrek. Aurretik, Europako ekonomia ministroen batzarrean, EBko buruzagien goi bileran eta G20koen ekaineko bileran aztertu beharko dute Bruselak egindako proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.