Bankuek ez dute agindurik jaso nahi

Europako bankuen patronaleko buru Josef Ackermannek ziurtatu du «ahal duen guztia» egingo duela estatuek bere bankuaren kapitala handitzea eragozteko; merke saldu behar izateak kezkatzen ditu bankuak.

Iker Aranburu.
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ohitura faltagatik edo, banku handiek ez dute gustuko inork zer egin behar dien esatea. EBko agintariek kapital gehiago biltzera behartu nahi izatea ere ez du begi onez ikusi haien ordezkari gorenetako batek, Josef Ackermannek. Deutsche Bankeko presidente eta Europako bankuen patronaleko burua bankuak kapita- lizatu beharraren aurka mintzatu zen atzo: «Alde batetik, zorraren zati bat barkatuko den seinalea ematen du; bestetik, estatuen zorrak handituko lituzke, oso litekeena delako berkapitalizatzearen dirua ez jartzea inbertsiogile pribatuek, estatuek beraiek baizik». Horiek horrela, Deutsche Bankek «ahal duen guztia» egingfo du kapital gehiago biltzeko.

Ackermannen argudioaren puntu nagusietako bat da bankuek oso zaila dutela gaur egun merkatuetan dirua biltzea, inbertsiogile asko ez direlako haietaz fio. Gainera, urtea hasi zenetik burtsan beren balioaren %60 galdu dutenez, bankuek oso merke saldu beharko lukete kapitala, akziodun zaharren kalterako. Gainera, Europako Batzordeak nahi duen bezala banku kapitalizatuek debekatuta badute dibidendoa edo gainsariak banatzea, are zailagoa izango zaie dirua lortzea. Horregatik, Financial Times-ek ziurtatu du banku handi askok nahiago dutela neurriz txikitu, eskatuko zaien kapitala ere txikitze aldera.

Berkapitalizatze hori nola gertatuko den ez dago artean garbi. Europako Banku Agintaritzako iturriek atzo aipatu zutenez, baliteke bankuek hiru eta sei hilabete artean izatea kapitala beren kasara biltzeko. Lortuko ez balute, estatuek jarri beharko lukete. Kapitala biltzera behartu nahi dituzte hirugarren estres azterketa bat gaindituko ez luketen bankuak. Euskal Herriarekin lotura duten finantza erakundeen artean, baliteke BBVAk soilik pasatu behar izatea estres azterketa. Izan ere, kutxak eta Banca Civica txikiak dira sistemarentzat arriskutsuak izateko, eta, gainera, milioi gutxi batzuk baizik ez dituzte Espainiakoa ez den zorrean inbertituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.