Iker Aranburu.
Bakarrizketa

Bankuek ez dute beti irabazten

2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun
Bankuek ez dutela beti dirua irabazten? Baina non bizi zara zu?

Ulertzen dut zure eszeptizismoa, baina hain arraroa ez da banku batek dirua galtzea. Lehman Brothers, Bankia, Banco Popular... agian izen horiek zerbait esango dizute. Eta, batez ere, gogoraraz diezazukete banku batek dirua galtzen duenean azkenean faktura denon diruarekin ordaintzen dugula. Baina oraingoan banku zentralen galerei buruz ari naiz.

Banku zentral batek dirua gal al dezake?

Bai. Ez da ohikoena, baina gaur egun hori gertatzen ari da. Iaz, 2004. urtetik lehen aldiz, EBZ Europako Banku Zentralak dirua galdu zuen; 1.300 milioi euro, zehazki. Eta galerak dituzte euroguneko beste banku zentralek ere: iaz, 56.600 milioi euro, eta aurten 62.200 milioi eurora iritsiko direla espero du Morgan Stanleyk.

Zergatik ari dira dirua galtzen?

Dituzten gordailuengatik ordaindu behar dituzten interesak handiagoak direlako beren esku dituzten maileguetatik jasotzen dituzten interesak baino. 

Baina EBZk erabakitzen ditu interes tasak! 

Banku zentralen galerak EBZren diru politikaren albo kalte bat dira. 2015etik 2021era 4,7 bilioi euroren bonuak erosi zituen ekonomia sustatzeko eta estatukideei merke finantzatzen laguntzeko. Zor horren truke jasotzen dituen interesak nahiko apalak dira, gehienak interes tasak %0an zeudenean erosi zituelako. Aldi berean, bankuei interes bat ordaindu egiten die beren soberakinak banku zentralaren kutxetan gordetzeagatik. Eta interes hori, gaur egun, %4an dago. Hots, bere esku dituen bonuak ematen dioten baino interes handiago bat. 

Gaizki ulertu ez badut, banku komertzialak dirutza egiten ari dira gordailu horiekin.

Hamarnaka mila milioi euroz hizketan ari gara. Eta gehiago izango ziren, baldin eta udazkenetik EBZk erabaki ez bazuen gutxieneko gordailu batzuk ezartzea bankuei, eta horien truke interesa ez pagatzea. 

Zer ondorio ditu honek guztiak? 

Oraingoz, ezer gutxi. Banku zentralek, pribatuek bezala, urtero hornidura batzuk egin behar dituzte izan ditzaketen galerak estaltzeko. Espainiako Bankuak, esaterako, 30.000 milioi euro inguru ditu erreserban. Baina badira erreserba horiek hustu dituztenak, eta haien artean dago Bundesbank. Galerak estaltzeko modu bat izango litzateke EBZk dirua inprimatzea, baina horrek inflazioa handituko luke, eta orain doi-doi kontrako bidean doa: bere balantzea txikitu nahian dabil. Horren ordez, banku zentralek etorkizunean izango dituen irabaziekin estaliko dituzte galerak.
Praktikan, galtzaileak euroguneko herrialdeetako gobernuen kutxak dira, banku zentralek haien esku uzten dituztelako beren irabazi gehienak. Hurrengo urteotan sosik ez dutela jasoko ohartarazi diete gobernadoreek. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.