2008. urtean krisi ekonomikoa hasi zenetik, ia 20.000 etxe kendu dira Hego Euskal Herrian; 6.000 inguru urte bakoitzeko. Hipoteka ordaindu ezin duten gero eta pertsona gehiago daude. Halako egoerei nola aurre egin azaldu zuen Lucia Fernandez Adicae finantza erakundeen erabiltzaileen elkarteko koordinatzaileak, ostegunean, Bilbon emandako hitzaldian.
Hipoteka ordaindu ezin dutelako etxea kendu eta kalean geratu den jende kopurua igo egin da. Egoerahorretara iritsi aurretik, zein pauso ematen ditu Justiziak?
Hipoteka betearazteko prozesua bezeroak zorra ordaindu ez duenean hasten da. Bankuek epaitegian jartzen dute salaketa, eta, ondoren, zorra zenbatzen dute, berandutze interesak ere bere barruan hartuz. Kasu askotan, zordunak ez du prozesu betearazlearen berri izaten, gutuna ez zaiolako iristen. Enkantea egiten den egunean bertan jakiten dute. Betearazte prozesuaren berri izanez gero, bezeroari gomendatuko nioke epaitegi eta udaletxeetako iragarki taulen mende egon dadila, haietan iragartzen baitira etxearen enkante egunak.
Zergatik da garrantzitsua enkante egunaren berri izatea?
Hipoteka ordaintzen jarraitu ezin duen pertsona horrek erosle bat topa dezakeelako bere etxea hartzeko. Era horretan, bankuak etxea eros dezan saihesten da. Izan ere, etxebizitza beti prezio erdian erosten dute.
Kasu askotan, ordea, etxebizitza bere mende hartzearekin ez du nahikoa izaten bankuak.
Ez. Enkanteko edukia betearazten dutenean, etxea bere gain hartuta zorra kitatuta gera daiteke, edo ez. Azken kasu horretan, kontuen edo soldaten bahiketa gerta daiteke.
Kasu horietan zer egin behar da?
Guk lege aldaketa bat eskatzen dugu, etxearen jabetza gertatzean zorra kitatuta geratzeko. AEBetan, esaterako, bankuarekin zorrak izanez gero, etxeko giltzak eman, eta zorra kitatuta geratzen da. Antzeko neurriak ere badaude Frantzian, Belgikan eta Europako hainbat herrialdetan.
Bankuek behin eta berriro esaten dute ez zaiela interesatzen etxebizitzak euren esku geratzea. Zein neurritaraino negoziatzen dute hipoteka ordaindu ezin duten bezeroekin?
Gaur egun ez da negoziatzen, eta bankuek, gainera, bezeroak nahiko zakar tratatzen dituzte. Krisiaren hasierako lehen hilabeteetan errazagoa zen bankuekin negoziatzea, batez ere etorkinak ez ziren familiek. Orain ikusi dudanaren arabera, ez da negoziatzen.
Eta negoziatu beharko litzateke?
Ez litzateke sobera egongo. Zordunak eskasia egoera bat izan badezake denbora tarte batean, eta ondoren horri buelta eman. Eskasia tarte horretan gutxiago ordainduz edo antzeko neurriekin lagun daiteke. Bestalde, hipoteka mailegua alokairu bihurtzeko aukera ere hor dago, eta, horren bidez, familia etxetik joatea saihestuko litzateke.
Zergatik kentzen dira hainbeste etxe?
Arazoa, batez ere, bankuetatik dator. Hipotekak oso erraz eman zituzten. Ez ziren behar bezalako zorpetze ikerketak egin, eta hipotekak tasazio balioaren %80aren gainetik eman ziren. Era berean, produktu gehigarriak eskaini zituzten, bizi aseguruak, autoarenak, etxebizitzarenak... Aseguru horiek hipotekak garestitu zituzten. Hipotekak, azkenerako, bezeroak harrapatzeko kanpaina bihurtu ziren.
Tasazioek izan zuten eraginik?
Tasazioak ere oso erraz egiten ziren, 50 metro karratuko etxeak 300.000 eurotan jarriz. Tasatzaileek eta finantza erakundeek tasazioak ahalik eta altuenak izatea bultzatu zuten, hipotekaren bidez bezeroak denbora luzeagoan lotuta edukitzeko asmoarekin.
Behin hipoteka edukita, zer egin daiteke etxea ez kentzeko?
Lege batzuk aldatzea eskatzen dugu. Batez ere hipoteka ikuspuntuak erregulatzen dituztenak, baina baita kodigo zibila, auzipetze zibila, kontsumitzailearen babeserako legea ere. Bezeroari gehiegizko baldintzak ezarri zaizkio maiz, zoru klausularen ondorioz, esaterako, Euriborra baxu zegoenean, berdin ordaintzen jarraitu behar izan dute hainbatek. Hipoteken inguruko behar bezalako argibideak eman daitezela exijitzen dugu. Era berean, bezeroei kontsumo arduratsua egin dezatela ere eskatzen diegu.
Lucia Fernandez. Adicae Euskadi elkarteko koordinatzailea
«Bankuek ez dute negoziatzen hipoteka ordaindu ezin dutenekin»
Hipoteka ordaindu ezin duten bezeroek, askotan, etxebizitza galtzeaz gain bankuarekin zorretan jarraitzen dute. Lege batzuk aldatzeko eskatu du Adicaek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu