Bankuetara doazen Hegoaldeko 65 urtetik gorako bezeroek goiz osoan aurrez aurreko arreta hartzeko eskubidea izango dute aurrerantzean. 09:00etatik 14:00etara bankuko langile batekin zuzeneko tratu izatea exijitu ahalko dute, eta egin nahi duten operazioa haren bitartez gauzatzea. Leihatilan edo kutxa automatikoan izan daiteke, baina langilearen laguntzarekin. Espainiako Gobernuak eta bankuen Espainiako hiru patronalek adineko bezeroei ematen zaien tratua hobetzeko adostu duten dekalogoko lehen neurria da, eta, ziur asko, ageriko eraginik handiena izango duena.
Bi aste pasatu dira Carlos San Juan erretiroa harturiko mediku valentziarrak (Katalunia) Adinekoa naiz, ez ergela kanpainari ekin zionetik. Interneten sinadura bilketa hasi zuen adinekoei bankuetan ematen zaien tratua hobetuko zuen lege bat eskatzeko. Ia milioi bat sinadura bildu ondoren, bere helburuaren zati handi bat lortu du. Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroarekin bildu zen iragan astean, eta, lege zehatzik ezean, bankuen konpromisoa lortu du. Baita ere konpromiso hori gorpuztuko duen neurri zerrenda bat.
Calviño Espainiako Bankuko ordezkariekin eta bankuen hiru patronaletakoekin (AEB, CECA eta Unacc) bildu da. Hamar neurri orokor batzen dituen dekalogo bat adostu dute. Bankuetako ordezkariek sei hilabeteko epea eskatu zuten guztiak indarrean jartzeko, haien «negozio eredura» egokitu behar baitituzte. Oraingoz, borondatezkoa da, alegia, ez daudela behartuta, baina atzokoan banku askok jendaurrean esan zuten atxikiko direla. Kutxabankek, esaterako, ohar bidez jakinarazi zuen.
Hasieran, Finantza Inklusioaren Behatokia izango da neurrien betetze maila aztertuko duen erakundea. Calviñok, baina, dagoeneko aurreratu du Bezero Finantzarioaren Babeserako lege aurreproiektuaren testua ezagutaraziko duela martxoan. Aspaldiko promesa da bankuetako bezeroak babestuko zituen erakunde publikoaren sorrera, baina orain arte gauzatu gabea zen.
Bankuen patronalek ohar bidez azaldu dute euren jarrera, eta dekalogoak dituen ardatzak laburbildu dituzte: «Arreta pertsonalizatua, beharrak asetuko dituena eta justifikatu gabeko atzerapenik gabea». Neurriri deigarriena arreta orduena da, baina nabarmentzekoa da, halaber, adinekoek lehentasunezko tratua hartu ahal izango dutela. Ikusi beharko da nola garatzen den eskubide hori. San Juanek adinekoentzako leihatila esklusiboak aipatu izan ditu azken egunetan emaniko elkarrizketetan.
Dekalogoak, baina, ez ditu behartzen bulego berriak irekitzera edo kutxa automatiko gehiago jartzera. Kasu horietarako, bankuek telefono arreta indartu beharko dute, 09:00etatik 18:00etara, eta hartzailea «solaskide pertsonal» bat izan beharko da. Azalpen zabalagorik ezean, pertsona batekin tratatzeko eskubidea dela dirudi.
Adinekoen arretarako dekalogoa
Bankuek sei hilabete dituzte neurri hauek indarrean jartzeko. Oraingoz, ez dira derrigorrezkoak.
1. Ordutegiak luzatu. Aurrez-aurreko arretako ordutegiak luzatuko dituzte, gutxienez 09: 00etatik 14: 00etara. Zerbitzu hori leihatilan edo kutxazain automatikoan emango da.
2. Lehentasuna. Adinekoei lehentasunezko tratua emango zaie sukurtsaletan, eta lehentasuna izango dute jende asko biltzen den orduetan.
3. Prestakuntza. Arreta zuzeneko langileek adinekoen beharrizanei buruzko derrigorrezko prestakuntza hartuko dute.
4. Makinarik ez telefonoan. Telefono bidezko lehentasunezko arreta bermatuko da kostu gehigarririk gabe, solaskide pertsonal baten bidez.
5. Bulegorik ezean, telefonoa. Telefono bidezko arreta bermatuko da 09:00etatik 18: 00etara, bulegorik gabeko zerbitzuak ematen zaizkien bezeroentzat.
6. Errazago. Komunikazio bideen erabilera irisgarria eta erraza dela bermatzea. Hizkera eta ikuspegi sinplifikatua duten bertsioak garatuko dituzte.
7. Kutxa automatikoak bi egunetan konpondu. Matxuraturiko kutxazainak konpontzea, gehienez ere 2 lanegunetan eskudiruaz hornitzen direla ziurtatzeko, eta hurbilen dagoen kutxazainaren informazioa ematea.
8. Iruzurren prebentzioa. Finantza-hezkuntzako, hezkuntza digitaleko eta iruzurren prebentzioko ekintzak eskainiko dizkiete bezeroei.
9. Hobekuntzen berri. Bankuek adineko bezeroei jakinaraziko dizkiete haien eskura jarritako hobekuntzak.
10. Kontrol behatokia zabaldu. Finantza Inklusioaren Behatokiaren xedea zabalduko da. Neurrien jarraipen egokia kontrolatuko du.