Zergak

Bankuek hipoteken zerga ordaindu beharko dute Nafarroan

Talde guztiek aldaketaren alde bozkatu dute, eta aldizkari ofizialean argitaratzen den unetik indarrean sartuko da.

Bakartxo Ruiz, Asun Fernandez Garaialde eta Maria Txibite. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2018ko azaroaren 22a
07:30
Entzun

Gutxitan onartzen dira lege aldaketak aho batez, baina hori gertatu da arratsaldean Nafarroako Parlamentuan. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak gizartean eragindako asaldura hain izan da handia, ezein alderdik ez duela egun babesten orain arteko egoera; hots, herritarrek pagatu behar izatea Ekintza Juridiko Dokumentatuen zerga (Hipoteken zerga deritzona). 

Ñabardura ugari egon dira eztabaida politikoan, baina bozkatzerako orduan Parlamentuko talde guztiek, ezker-eskuin, baiezkoa eman diote aldaketari. Hemendik aurrera, herritarren ordez, bankuek ordainduko dute etxebizitza erosteagatik ordaindu beharreko Ekintza Juridiko Dokumentatuen zerga hori. Zuzenketa bidez, PP ahalegindu da zerga erabat kentzen, baina ez da aurrera atera.

Legeari hainbat aldaketa egin zaizkio, zergadunaren subjektua aldatu izanaren ondorioz. Alde batetik, maileguak ematen dituzten kreditu kooperatibek zerga ordaindu beharko dute. Bestetik, orain arte, zerga ordaintzetik at zeuden babes ofizialeko erosleak edo zorraren truke egitera behartuta zeuden zerga zordunak; orain, berriz, zergaren ordaintzailea bankua denez, salbuespenok ezabatu dira. Halaber, gaur arte alderdiak zerga ordaintzetik at zeuden ere, eta salbuespen hori kendu dute.

EH Bilduko Adolfo Araizek onartu du eztabaida honen eraginez izan dutela alderdien "pribilegio horren berri" eta horregatik, salbuespen bidez aldatzea proposatu du laukoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.