Finantza sistemari egindako azterketa independentearen emaitzak ezagutarazi zituen atzo Espainiako Gobernuak. Asko jota, 53.475 milioi euro beharko lirateke gabeziak dituzten erakundeak behar bezala kapitalizatzeko, baina guztia jarri behar ez izatea espero du Ekonomia Ministerioak. Europarekin hitzartu zuen 100.000 milioi euro arteko erreskatetik soilik 40.000 milioi erabili beharko dituela kalkulatu du. Kutxabankek oso emaitza onak lortu ditu, eta proba gainditu dute Euskal Herrian pisu gehien duten beste erakundeek ere: BBVAk, Caixabankek (Nafarroako Kutxaren jabea), Santanderrek eta Sabadellek.
Estres azterketen ondorioak ezagutzeko ikusmin handia zegoen. Joan den ekainean kapital gabezia orokorra kalkulatu zuten Oliver Wyman eta Roland Berger aholkularitzek. Egoera ekonomikoa nabarmen okertuko balitz, balizko galerei aurre egiteko finantza sistemak 51.000 eta 62.000 milioi euro bitartean beharko zituela adierazi zuten. Atzo, berriz, erakunde bakoitzak duen egoera jakinarazi zuen Oliver Wymanek.
Bitan zatitutako sektore bat irudikatzen du azterketak. Aurreikuspen ezkorrenak aintzat hartuta, zazpi erakundek proba gainditzea lortu dute, eta beste zazpik huts egin dute. Gainditu dutenen artean, hori bai, finantza erakunde handienak daude, Bankia izan ezik. Kutxabank, BBVA, Santander, Sabadell, Bankinter eta Unicaja eta Ceiss bankuaren arteko bateratzeak kapital nahikoa dute egoerari aurre egiteko. Txanponaren ifrentzua beste erakundeak dira: Bankia, CatalunyaBanc, NCG Banco, Banco de Valencia, Popular, BMN eta Libercaja bateratze proiektua (Ibercaja, Caja3 eta Liberbank).
Kaudimen notarik onena lortu du Kutxabankek azterketan. Oinarrizko proban Core capital mailak %9 gainditu behar zuen, eta %16,5 du Kutxabankek. Aurreikuspen gogorrean, berriz, %6tik gora pasatzea eskatu zitzaion, eta %11,6 lortu du. 9.500 milioi euro arteko galerak bere gain hartzeko gai litzateke, inolako laguntza publikorik gabe.
Halako azterketa zorrotzean kaudimen emaitzarik onenak izatea «mugarri» iruditzen zaio Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteari. «Euskal aurrezki kutxek urteetan pilatu duten eskarmentuaren ondorio dira, kudeaketa bikainean oinarrituta», adierazi du Fernandezek, prentsa ohar baten bidez.
Ondo kapitalizatuta dago baita BBVA ere, azterketa pasa behar zuen Euskal Herriko beste finantza erakundea. BBVAk 11.183 milioi euroren diru soberakina izango luke probaren baldintza gogorrenak gertatuko balira. Inolako arazorik gabe gaindituko luke oinarrizko kapital eskaera, gainera (%9,6).
Galerak, espero zitekeen modura, nazionalizatuta zeuden lau erakundeetan pilatu dira. Aurreikuspen okerrenean Bankiak 24.700 milioi beharko lituzke; CatalunyaBancek, 10.800 milioi; NCG Bancok, 7.100 milioi, eta Banco de Valenciak, 3.400 milioi.
Hortik aurrera beste erakunde batzuk egoera deserosoan utziko dituzte emaitzek. Banco Popularrek, esaterako, 3.200 milioi euroko kapital gabezia izango luke. Popularrek ez duela laguntza publikorik eskatuko ziurtatu zuen atzo, prentsa ohar baten bidez, eta beharko lukeen dirua etekinetatik eta akziodunen ekarpenetik aterako duela azaldu zuen. BMN bankuak 2.200 milioi beharko lituzke. Popularrekin bateratzeko prozesua hasia zuen BMNk, baina atzoko zenbakiek ataka zailean utziko dute. Edonola ere, posible ikusten du zenbait neurri martxan jarrita kapital behar hori 1.000 milioi eurora mugatzea.
Liberbank, Ibercaja eta Caja3 erakundeak bateratzeko martxan dagoen proiektuak ere kapital gabezia du (2.100 milioi). Uneotan hiru bankuak azterketaren emaitzak aztertzen ari dira, eta diru falta hori arintzeko bideak bilatzen ari dira.
Proba sinesgarria
Oliver Wymanen azterketa finantza sistemaren benetako egoera ezagutzeko proba zorrotza eta sinesgarria dela esan dute Ekonomia Ministerioak eta Espainiako Bankuak. Aurreikuspen ezkorrenaren arabera, esaterako, 2012. eta 2014. urteen artean %6,5 eroriko da ekonomia. Guztira, 270.000 milioi euro galduko direla kalkulatu da. Azterketa 400 ikuskarik egin dute, eta, guztira, 115.000 operazio baino gehiago ikuskatu dira. Fernando Jimenez Latorre Ekonomia Estatu idazkariak agindu du oraingo honetan bururaino eramango dela orain dela hiru urte hasi zen sektoreko berregituratzea.
Kopuru orokorretan zenbait ñabardura egin ditu gobernuak. Guztira, Oliver Wymanek azaleratu duen kapital gabezia 26.000 milioirena da oinarrizko proban, eta 59.300 milioirena proba gogorrean. Haatik, ia 6.000 milioi euro arinduko lukete bi faktorek: kreditu fiskalen eraginak eta martxan dauden bateratzeen bultzadak. Hortik ateratzen da 53.475 milioi euroren zenbakia.
Baina horrek ez du esan nahi laguntza publikoa beste hainbestekoa izango denik. Jimenez Latorreren aburuz, azkenean erakundeek beharko duten dirua heren bat gutxiago izan liteke, 40.000 milioi euro inguru. Besteak beste, higiezin aktiboak banku txarrari eskualdatzeak arinduko luke kapital behar hori.
Diru falta duten erakundeek kapitalizatzeko edo berregituratzeko planak aurkeztu beharko dituzte orain. Laguntzak azaroan edo abenduan iritsiko dira.
Bankuak. Oliver Wymanen azterketa
Bankuen erreskatetik 40.000 milioi soilik erabiltzea espero du Espainiak
Kutxabankek ez du kapital gehiagorik behar, eta kaudimen mailarik handiena lortu du finantza sistemari egindako azterketanBaldintza gogorrenak gertatuko balira, 53.475 milioi beharko lituzkete bankuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu