Pertsonaia. Muhammad Yunus

Bankurik gabeko bankaria

2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Bizitzak buelta asko ematen dituela esaten da. Batzuetan onerako, besteetan txarrerako. Atzo gaizkile zena pertsona eredugarri izan daiteke bihar. Baina, baita alderantziz ere. Eta zoritxarrez, askoz gehiago dira kontrako bide hori hartzen dutenak. Muhammad Yunusi adibide gisa jartzea, agian ez da zuzena, oraindik frogatzeko dagoelako leporatzen dizkioten delituak egin dituen ala ez. Baina, kaltea egina dago jada. Atzora arte akats bakar bat ere ez zuen curriculumak, orban beltz bat du gaur, aldeko epai batek ere nekez ezabatuko duen orbana.

Orain arte, Yunusen izena pobreenei laguntzeko ekimenen ondoan azaldu izan da beti. «Behartsuen banku gizona» izan da munduarentzat, baliabiderik gutxien dituztenei mailegu txikiak ia interesik gabe emateko sistema eratu zuelako.

Lehen mailegua emakume batzuei eman zien Yunusek, bere patrikatik, 1976an. Eta haren atzetik etorri ziren gainerakoak.Lau haizetara zabaldu zen Bangladeshko ekonomialari bat behartsuenei dirua uzten ari zela. Eta denbora gutxian sekulako arrakasta erdietsi zuen, ohiko finantza erakundeek haizea hartzera bidaltzen zituzten haientzat guztientzat salbazio moduko bat izan zelako sistema hura.

1983an, Grammen Bank sortu zuen, mikrokredituak ematen jarraitzea ahalbidetuko zion finantza erakundea. Eta orain arte lortutako emaitzak sekulakoak izan dira. Urte hauetan guztietan, 8,3 milioi balgldeshtarri lagundu die, eta2.000tik gora bulego eta 25.000tik gora langile ditu egun. Mikrokredituen sistema, berriz, munduko 70etik gora herrialdetan dago indarrean.

Behartsuenei eman dien laguntzagatik, mundu erdiaren laudorioak entzun ditu Yunusek, eta hamaika sarirekin aitortu diote egindako lana. 2006an, BakearenNobel Saria eman zioten. Berak esana da Nobel Saria jaso aurretik inork ez ziola entzun ere egiten, eta saria jaso eta gero xuxurlatzea aski zaiola dioena mundu osora zabaltzeko. Eta hori baliatzen jakin du orain arte, sistema kapitalistari eta zenbait gobernuren jardunari egindako kritikek oihartzuna izatea lortu duelako. Baina, azken hilabeteotan, Yunus bera izan da kritikak entzun behar izan dituena. Duela pare bat aste, esaterako, «behartsuenei odola zurrupatzea» egotzi zion Sheikh Hasina Bangladesko lehen ministroak.

Guztia iazko azaroan hasi zen, Norvegiako telebista kate publikoak eman zuen dokumental batekin. Mikrokredituak emateaz gain, Grameen Bankek dirua beste jarduera batzuk finantzatzeko erabiltzen duela iradokitzen zuen dokumentalak, eta horrek hautsak harrotu zituenBangladeshen eta handik kanpo. Yunusen kontrakoek eskuak igurtzi zituzten, haren kontrako kanpaina egiteko une ezin hobea zelako. Harrezkero, hiru aldiz deitu dio epaileak deklaratzera joateko, eta atzo Grammen Banken gidaritzatik kendu zuen Bangladeshko banku zentralak, kargurako zaharregia zela esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.