Fernando Andreu epailearen aurrean deklaratu zuten atzo kutxako hiru goi agintari ohik: Miguel Blesa eta Rodrigo Rato presidente ohiek, eta Ildefonso Sanchez Barcoj Caja Madrideko finantza zuzendari ohiak. Txartela erabili zutenen artean hainbat dimisio egon badira ere —PPk, oraingoz, ez du Rato alderditik bota—, inork ez du aitortu diru beltza zela jakinda gastatu zutenik dirutza hori. Baina epaileak kontuak eskatu dizkie bi arduradun nagusiei: 16 milioi euroko bermea ezarri dio Blesari, eta hiru milioikoa Ratori. Hiru egun dituzte pagatzeko; bestela, euren ondasunak bahituko dizkiete.
Ratok epaileari azaldu zion txartel horiek ez zirela «ezkutuak», «ondo erregistratuta» zeudela, eta «segurutzat» jo zuela bere soldataren parte zela eta zergapetuta zegoela. Gauza bera esan zuen Sanchez Barcojek ere, eta ukatu egin zuen bera izan zenik txartel beltzen sistema sortu zuena. Areago, azaldu zuen kutxan sartu zenerako erabiltzen zirela txartelok, 1980. urtetik. Berak atera zion zuku gehien txartel beltzari: 484.200 euro Caja Madriden eta beste 98.789 Bankian —Auzitegi Nazionalari itzulia dio dirua, Ratok bezala—. Hala ere, azaldu zuen bere soldataren «osagarri txiki gisa» jaso zuela txartela. Urteko 2,43 milioi euroko soldata zeukan.
Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidenteak atzo bertan esan zuen ondo funtzionatu dutela bankuko kontrolek, barrutik hasi zutelako txartel beltzen ikerketa. El País egunkariaren arabera, Ogasunak 2007ra arte izan zuen Caja Madrideko txartel beltzen berri, baina ez zuen ikerketarik abiatu. Hain zuzen, 2007an hil zen txartel horiek ikuskatu zituen Ogasuneko arduraduna, Cipriano Muñoz.
Andreu epailea hiru delitu ari da ikertzen: bidegabeko jabetzea, sozietate delitua eta administrazio desleiala. FROBek azaldu duenez, txartel beltzen gastua «zerbitzari informatikoaren akatsen» kontu batean sartzen zen, ogasunari ezkutatuz. Ustelkeriaren kontrako fiskaltzaren ustez, kontseilarien babesa erosteko erabil zitezkeen txartelak, gastuari mugak jarriz edo kenduz. Moral Santin (IU), adibidez, urtean 25.000 euro beltzean kobratzen hasi zen, 50.000 kobratzeraino. Garai horretan, Moral Santinek Blesaren aldeko botoa eman zuen administrazio kontseiluan Miamiko (AEB) banku bat erosteko IU kontra egon arren —500 milioi euroren galerak eragin zituen operazio horrek—.
Txartelena, nolanahi ere, eskandalu kate baten azken erakusle bat baino ez da. Komeni daCaja Madriden ibilbideari begiratu bat ematea bankariak epaitegiko aulkira zelan iritsi diren hobeto ulertzeko:
BLESAREN AROA
Espainiako kutxarik zaharrenetakoa zen Caja Madrid. 1702an Francisco Piquer apaizak sortu zuen Monte de Piedad de Madriden zuen jatorria. XIX.an, aurrezki kutxa bihurtu zuten, baina aldaketa handiena 1996an hasi zen,PPren proposamenez Miguel Blesa presidente izendatu zutenean. Jose Maria Aznarren lagun-mina da Blesa, eta, hura bezala, Ogasuneko ikuskatzailea izana.
Ideiak argi zituela sartu zen kutxara: tamaina handitu nahi zuen. 1995ean, 30.000 milioira ozta-ozta iristen zen Caja Madriden balantzea, baina Blesak bikoiztu egin zuen urtebetean: 62.000 milioira iritsi zen 1996an. Presidentetza utzi zuenean,200.000 milioiko balantzea zuen.
Too big to fail (handiegia erortzeko) leloa sutsu bete zuen. Balantzearekin bater,a erreserbak ere ikaragarri handitu zituen; 2.000 milioitik 9.700 milioira. Baina ereduak zimendu ahulak zituen. Espainian puzten ari zen eraikuntzaren burbuila gehiago hauspotu zuen, eta kreditu gehiegi eman zizkion sektore horri.
Gainera, enpresa garrantzitsuen akzioak ere erosi zituen: Endesan, Iberian, Indran, Mapfren eta Telefonican. Azken urteetan, nazioartekotzean sartu zen Blesa buru-belarri, eta 2008an City National Bank of Florida (AEB) erosi zuen. Operazioak 500 milioi euroren galerak ekarri zizkion kutxari, eta «erosketa arriskutsuegi» horregatik kartzelatu zuen bi aldiz Elpidio Jose Silva epaileak. Lehenengo aldian, 24 ordura atera zen libre, 2,5 milioi euroko bermea pagatuta, eta, bigarren aldian, hamabost egunera utzi zuten asko. Elpidio epaile izateko gaitasun gabe utzi dute 17 urte eta erdiz Blesa auzian prebarikazioa egitea egotzita.
OKERRERAKO BAT EGITEA
Blesak puztutako patata beroa Rodrigo Ratok hartu zuen. Aznarren gobernuko Ekonomia ministroa eta NDFko zuzendari ohia izanik, curriculum onagatik hautatu zuten Caja Madrideko presidente, krisi garaian. Bankaren berregituraketa prozesuan zegoen Espainia, eta Ratok nahiago izan zuen La Caixarekin bat egin baino adreiluz eta galeraz betetako beste sei kutxarekin batu: Bancaja, Caja Insular de Canarias, Caixa Laietana, Caja Rioja, Caja Avila eta Caja Segoviarekin. Denen baturarekin sortu zuten BFA (Banco Financiero y de Ahorros). Tamaina handitzeak arazoa handitu zuen. Bat egiteak aurrera egin zezan, estatuak 4.465 milioi euroko laguntza eman zion 2010ean BFAri FROB funtsaren bidez. Hain justu, parte hartze hori kapital bihurtuz nazionalizatu zuen gobernuak BFA 2012an. Baina ez zen nahikoa izan.
BANKIAREN ILUNTASUNAK
Hamar milioi bezero eta 305.000 milioi euroren aktiboak zituen Bankiak 2011n, BFAk sortu zuenean. Fundazio bihurtu zen BFA, eta Ratok burtsara eraman zuen Bankia 2011ko uztailean. Bankiaren akzioa 3,75 eurotan atera zen burtsara, eta 14 zentimotaraino jaitsi zen bi urtetan. Bidean dirutzak galdu dituzte bai akzioak erosi zituztenek, bai lehentasunezko ekarpenen jabe askok —ekarpenak akzio bihurtu zituen iaz Bankiak—.
Andreu epailea ari da Bankia auzia ikertzen, UPDk eta 15MpaRato mugimenduen salaketek abiatuta. Bankiaren burtsaratzean irregulartasunak eta datu faltsutzeak egon zitezkeela uste du akusazioak. Hau da, erakundea «kiebra teknikoan» zegoela jakinda, burtsaratzeko datuak ezkutatu eta akzioen prezioak puztea egozten diote.
Guztira, ia 50 inputatu daude auzian, eta beste horrenbeste lekuko. Besteak beste, Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroa eta Emilio Botin (Santander), Francisco Gonzalez (BBVA) eta Isidro Faine (La Caixa) pasatu dira epailearen aurretik lekuko gisa. Auzian, berriz, 4.000 lagun aurkeztu dira lehentasunezko ekarpenetan kaltetu gisa.
Espainiako Bankuaren txosten batzuk ere berretsi dute lehentasunezko ekarpenen salmenta «kaskarra» izan zela —Euskal Herrian erosle gutxi harrapatu ditu Bankiaren auziak, baina iaz 552 euskal herritarrek eskatu zuten bitartekaritza—. Bankuak joan den astean bidali zizkion Andreu epaileari Blesak 2009an igorri eta jasotako posta elektronikoak: horiek argitu dezakete kutxako zuzendaritzak «kalteen jakinaren gainean» saldu ote zizkieten lehentasunezko ekarpenak bezeroei. 2005etik 2011ra bitartean saldu zituzten ekarpenok, kasu askotan informazioa ezkutatuz eta bezeroen ezjakintasuna kutxaren onurarako erabiliz.
Halere, inork ez du erantzukizunik hartu bere gain Caja Madriden jardueraren erakunde ikuskatzaile bezala. Ez Espainiako Bankuak, ez CNMV Espainiako burtsa ikuskatzaileak. Haien oniritzia beharrezkoa zen burtsaratzea egiteko zein lehentasunezko ekarpenen salmentarako.
ERRESKATEAK
Guztira, 22.424 milioi euro jaso ditu Bankiak zergapekoen poltsikoetatik: 4.465 lehen erreskate saioan eta 17.959 bigarrenean. Madrilek 2012ko maiatzean nazionalizatu zuen Bankia. Espainiako Gobernuak itun bat sinatu zuen troikarekin finantza erakundeak erreskatatzeko. Guztira,42.000 milioi hartu zituen maileguan, horietako ia 18.000 milioi Bankiarentzat.
2012an 19.000 milioi galdu ondoren, iaz irabazietara itzuli zen, 510 milioirekin. Nolanahi ere, irabazien zatirik handiena finantza operazioei dagokie, hau da, parte hartze industrialen salmentari edo Espainiaren zor publikoa EBZren doako maileguekin erosteak dakarren irabazi bizkorrari.
Erreskateak tranpa batean harrapatuta utzi zituen lehentasunezko ekarpenen jabeak. Izan ere, EBko legeen arabera, diru publikoz erreskatatutako bankuetako akziodunek zein produktu hibridoen jabeek —lehentasunezko parte hartzeak— fakturaren parte bat pagatu behar dute.