Nafarroa

Barcinak "hitzetatik ekintzetara" pasa eta errekurtsoa kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Nafarroako lehendakariak aitortu du Espainiako Gobernuarekiko harremanak ez daudela "bere unerik onenean", eta gatazka amaitu behar dela azpimarratu du. Bilduk eta Aralar-NaBaik Parlamentuko Mahaiaren bilera eskatu dute.

Barcina eta Montoro, atzoko bileran. LUCA PERGIOVANNI, EFE
joxerra senar
2014ko irailaren 17a
08:25
Entzun

"Fronte berri bat ireki da". Aurpegi serioarekin eta hamabost minutuko atzerapenarekin hasi du gaur goizeko agerraldia Yolanda Barcinak, eta bertan adierazi du gobernu kontseiluak aztertu duen gai bakarra Espaniako Gobernuak Gorenean aurkeztutako errekurtsoa izan dela, "Nafarroako bideragarritasun ekonomikoari eragin diezaiokeelako".

Barcinaren hitzetan, astelehen gauean jakinarazi zion Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak Espainiak errekurtsoa jarri duela. "Presidente honek akordioan eta instituzioen arteko errespetuan sinesten du, baina inoiz ez du topo egin errespetu falta honekin”. Barcinak aitortu du ez zutela espero Espainiak Gorenera jotzea, eta auzia Itun Ekonomikoaren koordinazio batzordean jorratuko zela uste zuten. “Espaniako Gobernuarekin handitzen ari den gatazka geratu behar da”.

Astearte arratsaldean bildu zen Barcina bera Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroarekin. Bere bertsioaren arabera, Montorok adierazi zion Ogasuneko inspektoreek irekitako agiriaren ondorio dela errekurtsoa eta kentzeko borondatea duela. Barcinak “hitzetatik ekintzetara” pasatzea exijitu dio, eta irailaren 30ean bilduko den koordinazio batzordean helegitea kentzeko exijituko dio.

2012ko maiatzean Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak erabaki zuten 2007tik 2011ra bitartean Volkswageni itzulitako BEZ zergaren inguruko auzia Itun Ekonomikoaren Arbitratze Batzordeak ebatziko zuela. Batzorde horrek ebatzi du ez dagokiola gai horri buruz erabakitzea. Hala, Nafarroaren ustea zen Espainiako Gobernuak koordinazio batzordean pasako zela. Barcinaren hitzetan, ordea, Montorok ez ditu gatazkak saihesteko mekanismoak agortu, eta Gorenera jotzea erabaki du.

Kazetariek behin eta berriz galdetu diote zer gertatuko den Gorenak Espainiako estatuaren alde ebatziz gero. Hipotesi hori uneoro saihestu du, eta lehentasuna jarri du helegitea atzera botatzeko presioa egitean. "Nafarroan sinesten duten alderdiekiko elkarlana" aldarrikatu du.

Montoro: "Ez dut ulertzen zalaparta"

Cristobal Montorok atzo ez zuen hitz egin bilera ostean, baina gaur bai. "Ez dut ulertzen zalaparta", adierazi du harrituta komunikabideen aurrean. Haren esanetan, errekurtsoa Espainiako Zerga Agentziaren erabakia da, baina "ez da eskumenak mugatzeko errekurtso inkonstituzional bat". Montorori, antza, oharkabean igaro zaio Espainiako Gobernuak 1.513 milioi euro erreklamatzen dituela.

Haren esanetan, afera PSOEko gobernuaren "ondarea" da, 2011ko udazkenean ireki baitzen espedientea. Ukatu egin du Nafarroako Gobernuaren eta Espainiakoaren artean harreman txarrik daudela, nahiz eta Barcinak gaur kontrakoa esan. Haren esanetan, elkarren artean "harreman ona" dago. "Gai horrek ez du izan behar liskarrerako arrazoi, egiten ari garena delako bide judizial bidez auzia argitzea".

Presazko bilera parlamentuan

Parlamentuko Mahaiaren presazko bilera eskatu dute, eta bertan adierazpen instituzional bat egin nahi dute Bilduk eta Aralar-NaBaik, Nafarroako Parlamentuari eskatzeko Madrili adieraz diezaion "etengabeko erasoengatik duen atsekabea eta desadostasuna, eta iragar dezan Nafarroako gizartearen eskubideak bermatuko dituen marko berri bat eraikitzeko prozesu instituzional, sozial eta demokratiko bat irekitzeko borondatea". Horrez gain, bi alderdiek nahi dute legebiltzarrak manifestazio batera deitzea, Nafarroa bere askatasun eta etorkizunaren defentsan. Nafarroak erabaki lelopean. Nafarroak "izatea edo ez izatea" du jokoan, bi alderdien arabera.

PSNren esanetan, PPk "labana sartu die bizkarrean" nafarrei Volkswagenen BEZaren kontrako errekurtsoarekin. UPNk ere Alderdi Popularraren kontra hitz egin du, esanez hark ez duela ezagutzen Nafarroako autogobernua, eta errekurtsoa kentzeko eskatuz. "PPren gobernuari ahaztu egin zaio zein den Nafarroak estatuarekin duen harremanaren muina", Carlos Garcia Adanero UPNren Nafarroako Parlamentuko eledunaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.