Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak parlamentariei eskatu die "pauso bat harago" joan eta parlamentari eta hautetsi kopurua txikitzeko. Nafarroako parlamentuaren eta bestelako erakundeen "tamaina egokiaz" eztabaidatzea galdegin du Barcinak. "Ez nago ados parlamentari eta hautetsi kopurua txikituta demokrazia okertzen den argudioarekin; orain 200 urteko errealitatean oinarrritutako egitura garesti eta astunek ez dute zentzurik gaur egun" azaldu du. Herritarren eskaerei erantzunez, egitura politikoa murriztu beharra dagoela nabarmendu du, baita alderdien, sindikatuen eta enpresen finantzaketari dagokionean ere.
Barcinak agerraldia egin du gaur goizean, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eskatuta, azken murrizketek izango duten eraginaren inguruko xehetasunak azaltzeko. Barcinarekin batera, Lourdes Goikoetxea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eta Jesus Pejenaute Gizarte Politikako kontseilariak ere eman dituzte azalpenak.
Nafarroako Gobernuaren azterketaren arabera, honako neurriak betetzea "ezinbestekoa" dela adierazi du Barcinak: zeharkako zergak eta tasak igotzea, langile publikoei Eguberrietako saria kentzea, langabezia saria eta diru laguntzak murriztea eta saltokien ordutegiak zabaldu eta merkealdiak liberalizatzea.
Taldea "erantzukizun ariketa" egiten ari direla dio eta nabarmendu, bere inbestidura saioan jada esan zuela diru sarreren arabera gastatu behar dela. 2013an zorra ez handitzeko konpromisoa gogorarazi du, baina, hain justu Nafarroako zorra urtebetean 4.000 milioi eurora arte igoko dela aurreikusten da.
Iragan astean jada, Barcinak aurreratu zuen neurri batzuk ezarriko dituela: etxebizitza kenkaria aurrerantzean soilik batzuei ematea, autonomoen eta profesional liberalen atxikipenari bere horretan eustea eta sozietate zerga ez aldatzea.
Oposiziotik, begirada iluna
Oposizioak, gogor kritikatu du UPNren jarrera eta murrizketen aurrean autogobernua babesteko eta helegiteak aurkezteko eskatu diote Barcinari. Konstituzionalak parlamentuaren errekurtsoa onartu duela jakin ostean, ordea, Barcinak dio ez duela zentzurik Nafarroako Gobernuak bere kabuz helegitea jartzea.
Roberto Jimenez (PSN) presidenteorde ohiak "krisiari krisi gehiago" jartzea leporatu dio, baita Nafarren interesen gainetik PPren zerbitzura egotea ere. Jimenezek gogorarazi du UPNk ekainean 132 milioi euroko zuloa iragarri zuela eta tamaina horretako murrizketak ezarri zituela. Orain, funtzionarioen aparteko sariekin, 192 milioi eurora igoko dira murrizketak. Iradoki du Barcinak aukera baliatzen ari dela egoera "egongaitzean" diren kontu publikoei ondo datorkielako.
Parlamentari kopuruak eta zinegotzi kopuruak eta Arartekoak kentzea "eskuinak oso gogoko" duela dio Jimenezek. Ordezkaritza demokratikoa murriztu beharrean, azpiegitura jakinak kentzeko proposatu du.
Ezkerra koalizioko Jose Miguel Nuinek "iruzur demokratikoa” egotzi dio UPNri. Galdetu dio ea hauteskunde programan zer orritan dagoen BEZaren igoera, funtzionarioen aparteko sariak kentzea eta abar. "Ezartzen ari diren politikek ez dute zilegitasun demokratikorik".
Patxi Zabaletaren (NaBai) ustez Barcinak emandako azalpenek ez dute inor asebete. "Zer egingo du Nafarroako Gobernuak: errekurtsorik jarriko duzu? jada aurreratzen dut zure ezezkoa, PPren pintzak harrapatua zaituelako" esan du. Zabaletak kritikatu egin du Nafarroako Gobernuak hain erraz onartzea Espainiako exekutiboaren neurriak ezinbestekoak direla. "Nafarroako eskumenak inbaditu dituzte".
Bilduko Bakartxo Ruizek "arduratsu izan eta planto egiteko" eskatu dio Barcinari. Herritarrei entzun behar zaiela adierazi du Barcinak eta hori gogoan, ”modu zinikoan” jokatzea leporatu dio. ”Benetan entzun jendarteari eta ez bete neurri horiek”, berretsi du Bakartxo Ruizek.