Ekonomia

Bart amaitu da Madrilen Espainiako meatzarien 'martxa beltza'

Milaka herritar atera dira hiriburuan kalera Asturiastik, Aragoitik, Gaztelatik eta Andaluziatik iritsi diren langileei elkartasuna ematera. PPren Gobernuak kalean jaso duen erantzun sendoenetako bat bihurtu da azken kilometroetan. [YouTube]http://youtu.be/l6SvnmFzrE8[/YouTube]

2012ko uztailaren 11
08:42
Entzun

Bart 03:00ak inguruan amaitu da Madrilen Espainiako hainbat meatzarik azken egunetan burutu duten martxa beltza, murrizketak salatu, ikatzaren sektorearentzat laguntzak eskatu eta euren etorkizuna bermatzeko. Atzo elkartu ziren Asturiastik, Aragoitik, Gaztelatik eta Andaluziatik iritsitako zutabeak, eta Madrilen milaka herritar, tartean ikasleak eta M15 mugiimenduko kideak, atera dira kalera elkartasuna adieraztera.

400 kilometroren ondoren, ibilbidearen amaieran langileen borrokaren aldeko oihuak entzun dira. Hainbat artista eta politikari ere izan dira kalean, horien artean Amaiurreko Madrilgo parlamentariak, eta PCE, Izquierda Unida eta PSOEko ordezkariak. Azken pausoak ematen 22:30ean hasi ziren, eta Sol enparantzan amaitu dute. Azken horretan beharrezkoa izan dute bide bat irekitzea jendearen artean, gune horretara iristeko.

Bidean Santa Barbara meatzarien patroiaren kanta ere hainbatetan entzun da. Asturiasten asteak daramatzate protestatan, eta Poliziaren indarkeria salatu dute behin baino gehiagotan. Atzo ibilbidearen amaieran konponbiderik ezean "gerra" izango dela oihukatu zuten askok. "Gaur banderatxoak, bihar dinamita", izan da oihu ozenetako bat. Mariano Raxoiren murrizketen politika izan da jomuga nagusi.

Martxa beltzak 19 egun iraun ditu. Meatzarien protesta gisa abiatu zen Asturiastik, baina azken kilometroetan, ikatzaren sektoretik haratago, ezkerraren aldarrikapenen zutarria izan da. PPk Espainian agintea hartu zuenetik kalean jaso duen erantzun sendoenetako bat bihurtu zen atzo, aurtengo greba orokorrarekin batera. Espainiako Gobernuak, hala ere, uko egin zion atzo meatzarien ordezkaritza bat jasotzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.