Analisia

Basauri-Bilbao-Arrasate

xabier martin
2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Denek zekiten, Bilbaok salbu. Ezjakinaren itxurak egin zituen behintzat Lakuako bilera surrealistan. Denek zekiten Fagorren patua idatzita zegoela, eta gidarien sinadura besterik ez zela falta epaitegian; denek salbu Bilbaok. Ahaldun nagusiak hordagoa jo zuen boto-emaile eta oro har gizartearen aurrean jarrerak zuritzeko behar zuen batzar antzuan, eta Edesako langile-bazkideek Basauriko itxialdian piztutako suak inoiz baino gehiago berotu zuen.

Erre egin dira, hainbeste berotu du. Suari gasolina botaz gero, gerta daiteke. San Ildefonsoko eskolako haurrek sari nagusia kantatzen duten moduan entzun zen: «Hiru milioi eurooooooo». Eta Basauri-Arrasate errepidearen erdian bidesaria jarri zuen. Edesa ez duzue erortzen utziko Bizkaiak hiru milioi euro dituen bitartean. Treviñok ez zion izkin egiten jakin politikari abilaren ezusteari. Fagorreko burua ez zen buruargi ibili —nekeak edo esperantza faltsuak itsututa—, eta konturatzerako cavarekin topa egiten ari ziren Basauriko lantegian, orduko salbatzailearen zoriontasuna zuzen-zuzenean ikusita (bisita gauez izan bazen ere).

«Gezurra esan didate», etorri zen gero Bilbaoren beste agerraldi gogoangarri batean. «Minduta eta etsita gaude», esan zuen ozen ahaldun nagusi suminduak. «Edesa hiltzen utziko dute». Inor zalantzarekin ez geratzeko, nonbait Fagorrek bere teilatuaren aurka harriak bota behar zituen. Nahi duelako akabatu du Edesa alegia, ez hiru milioiko bermea bere kabuz ez delako nahikoa bideragarritasuna bermatzeko. Eta sententzia: «Ezin zaio lagundu laguntza nahi ez duenari».

Denek zekitena gertatuko da astelehenean. Edesa ere konkurtsora. Ezin zen bestela izan, Fagorren lantegi bat izaki. Euskal Herriko beste lau planta handietan baino zarata handiagoa atera du Edesak, Mondragoneko bazkide kooperatibista ez izateak eragiten duen hauspoaz. «Beste kultura bat dute», dio Mondragoneko agintari batek; «sindikatuen logikarekin ari dira». Euren lanpostuak defendatuz, edonola ere, eta oraindik badute lana, konkurtsoa ez delako itxiera, baina ia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.