Ospakizunetarako eguna dute gaurkoa Basauriko (Bizkaia) Sidenorren. 50 urte bete ditu altzairutegiak, eta gainera, instalazio berriak inauguratu ditu. Taldearen beste lantegietako zenbaiten geroa argitu gabe dagoenean, Sidenorrek Basaurin etorkizunera begirako inbertsioak egin ditu aurten, guztira 40 milioi euro ingurukoak.
Hurrengo urterako ere fabrika bereko ekipamendua hobetzen beste 45 milioi euro gastatuko dituztela iragarri du Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak. Horietatik hamar milioi euro altzairutegira joango dira eta gainerako 35 milioiak ijezte trenaren modernizaziorako bigarren fasera. Instalazio berri horiekin, Sidenor taldeari merkatu berriak zabalduko zaizkiola uste du Jainagak.
Aurten erositako ijezte tren berria eta labe berria inauguratzen izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Azpiegituretako sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. Urkulluk txalotu egin du altzairuaren sektorea garai zailak bizitzen ari den aldi honetan Sidenorrek inbertsioetan egindako "ahalegina" eta taldearen "abangoardiako espiritua". Era berean, Sidenorrek bere erabakigunea Euskal Herrian mantendu izana ere goraipatu du.
Energia prezioak izan dituzte hizpide gaurko ekitaldian. Jainagak laguntza eskatu dio Jaurlaritzari energia garestiak eragiten dizkion lehiakortasun arazoei aurre egiteko. Iñigo Urkulluk erantzun dio lanean jarraituko duela energia kostu "mesedegarriagoak" lortzeko.
Sindikatuentzako hitzak ere izan ditu Sidenorreko presidenteak, ijezte trenaren abiatzea hilabete atzeratu dela eta "langileek hilabete etxean egin behar" izan dutela azaltzerakoan. Jainagak ez du ulertzen "herri eraikuntzaz hitz egiten duten sindikatuak egutegien moldaketen kontra egotea eta lan egindakotzat jo nahi izatea galdutako asteak. Ez dut ulertzen eta ez dut sekula ulertuko".
Duela 50 urte jardunean hasi zenean Basauriko Sidenorrek 90.000 tona altzairu ekoizten zituen urtean. Gaur egun, urtean 300.000 tona altzairu prozesatu eta bukatu ditzake eta altzairutegiaren ekoizpen ahalmena hamar aldiz handiagoa da, 900.000 tonakoa. Basauriko altzairutegian 900 behargin ditu Sidenorrek jardunean.