Baserria galtzeko zorian

Bizkaiko EHNEk dio mailegu emaile baten «gehiegikeriengatik» Berangoko bikote batek etxea gal dezakeela

Berangoko Kukullaga Goikoa desjabetzea eragotzi nahi du Bizkaiko EHNEk. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Berangoko (Bizkaia) Kukullaga Goikoa baserriko jabeek euren ondasunak galtzeko arriskua daukate datorren asteartean. Kaltetutako bikotea adinekoa da, eta Bizkaiko EHNE sindikatuak salatu duenez, kreditu etxe pribatu baten «gehiegikerien» ondorioz gal dezake jabetza. Hori dela eta, desjabetzearen egunerako mobilizaziorako deia egin dute sindikatuak eta Berangoko hamabost eragile sozial eta kulturalek, bikotea kaleratzea galarazteko.

Desjabetzearen epea atzeratzeko eskatu du Bizkaiko EHNEk, jabeak zorra «ahal bezain laster» ordaintzeko gai izango direla ziurtatu baitu, dagozkien interes guztiak barne. Eskaria epaitegian dago, eta kaleratze eguna baino lehen ebazpena jasotzea espero dute sindikatuko ordezkariek.

2006an, Kukullaga Goikoa baserriaren teilatua konpondu behar zela eta, jabeak finantza erakundeetara joan ziren 25.900 euroko kreditua eskatzera. Hainbat lekutan egin zuten eskaera, baina aurrezki kutxek eta bankuek ez zieten dirurik utzi nahi izan, adinagatik. Azkenik, Jesus Goiti mailegu emaile pribatuak eman zien kreditua, hiru hilabeteko epean %5eko interesekin itzultzeko baldintzarekin. Atzeratuz gero, berriz, %29ko interesa pagatzea onartu zuten baserriaren jabeek. Berme moduan, 540.000 eurotan tasatutako baserria eta lursaila jarri zituzten.

Salaketak elkarri

Kreditua ordaintzeko epea 2006ko azaroan amaitu zitzaion bikoteari, baina ezin izan zutenez itzuli edo atzerapen interesak pagatu, betetzeko prozedura jarri zen abian. Mailegatzailea salatu egin zuten baserritarrek, jarritako baldintzak «gehiegizkoak» zirela argudiatuta.

Salaketa hori ezerezean geratu zen, 2008an, Berangoko bikoteak notarioaren aurrean mailegatzailea eurekin ongi portatu zela zioen idatzi bat sinatu zuelako. «Une horretan ez zekiten zer ari ziren sinatzen ere, kontuan hartuz horietako batek ez dakiela idazten eta irakurtzen ere», azaldu du haien abokatuak, Jokin Txapartegik. Atzera salaketa jarri zien baserritarrei Goitik, salaketa faltsua jartzeagatik.

Ainhoa Iturbe Bizkaiko EHNEko kideak adierazi duenez, «gai honetan guztian, idatzita dagoen legeaz gain, gizalegea dago. Eta gizalegeagatik ezin da onartu adineko bi pertsona etxerik eta lurrik gabe uztea».

Berangoko Udalari ere eskaria egin dio sindikatuak, esku har dezan. «Nahiz eta jabego pribatua izan, beharrezkoa da herritarren eskubideak babestea, are gehiago gehiegikeria kasu baten aurrean». Sindikatuak gogorarazi du Kukullaga Goikoa baserria errota ere badela eta Berangoko Udalaren hirigintza plan orokorrak kontserbatu beharreko eraikin moduan daukala izendatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.