Krisia eurogunean. Espainiako Gobernuaren neurriak

Baserritarrak, garraiolariak eta dendariak kexu

Esku hartzeko eskatu diote instituzioei, BEZaren igoerak ekar liezazkiekeen ondorioei aurre egiteko

Erredakzioa
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak iragarritako BEZaren igoeraren aurka azaldu dira Euskal Herriko nekazari eta abeltzainak, garraiolariak eta dendariak. EHNE, Hiru eta Euskomer Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatarienkonfederazioa bat datoz zeharkako zerga horren igoerak galanki eragingo diela eguneroko jardunean. Hori hala, neurriakhartzeko eskatu diete Hego Euskal Herriko instituzioei BEZaren igoera saihesteko, eta nekazaritzaren, garraioaren eta merkataritzaren sektoreak aurrera egiteko.

EHNEren arabera, esaterako, igoerarekin 188,8 milioi euro gehiago ordaindu beharko dituzte pentsua erostean; pentsuaren gaineko BEZa %8tik %10era igoko dute. Energiari eta lubrikatzaileei dagokien BEZa hiru puntu igoko denez —%18tik %21era—, 46,4 milioi euro gehiago gastatu beharko dute lehengai horiek erosten.

Orokorrean, lehengai guztiak ordaintzen gastatu beharko dute diru gehiago nekazariek eta abeltzainek, eta horrek galerak ekarriko dizkiela salatu dute. Izan ere, 2007-2008tik aurrera «neurrigabeko» ekoizpen kostuei aurre egiten ari direla, eta adierazi dute horrek «ia galerak bakarrik» eskuratzeko balio izan diela.

BEZaren igoerarekin, Espainia izango da lehengaiei zerga gehien ezartzen dizkien herrialdea Europako Batasunean. Horregatik guztiagatik, Fiskalitate Mahaia lehenbailehen biltzeko eskatu diote Espainiako Ekonomia ministroari, nekazarien eta abeltzainen BEZa konpentsatzailearen igoera lantzeko.

Kolapsatzeko atarian

Espainiako Gobernuak hartutako neurriak Hego Euskal Herriko jarduera ekonomikoa eta industriala «betiko» geldituko duela salatu du Hiruk, maila handi batean esportazioetan oinarriturik dagoelako sektore hori. Horrez gain, azaldu du lan faltagatik edo errentagarritasun ezagatik lanbidea utzi beharko duten adineko autonomoen kopurua areagotu egingo dela.

«Langile horiek egoera larrian geratuko dira», dio garraiolarien sindikatuak, eta gaineratu du babes sozialik, langabezia saria jasotzeko eskubiderik eta gizarte laguntzak lortzeko aukerarik gabe geratuko direla. Laguntza falta horri bankuekin izan ditzaketen zorrak gehitu beharko litzaizkieke, eta esan du ondasun propioak erabili beharko dituztela zorrei aurre egiteko.

Era berean, Euskal Herrian legez kontra lanean ari diren garraio kooperatiba faltsuen jarduera galarazteko neurriak hartzeko, eta garraioaren gaineko zeharkako zerga gehiago ez ezartzeko eskatu du.

Antzekoa uste du Euskomer merkataritza elkarteak ere. BEZaren igoerak merkataritzaren sektorean «ondorio tragikoak» izango lituzkeelakoan dago. Hori dela eta, merkataritzako eskumen guztiak eskuratzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Kontsumoa gehiago jaistea ekarriko du igoerak, haren iritziz, eta horrek sektorearen heriotza ekar lezake.

Euskomerri, gainera, «oso zaila» egiten zaio ulertzea sektoreak duen «egoera larriaren» aurre egiteko, Espainiako Gobernuak hiri turistikoetako denden ordutegiak jaiegunetan zabaltzeko asmoa. Merkealdien liberalizazioak ere, «merkatua hausten» duela ohartarazi du.

Salmentetan beherakada handienak jasan dituen sektorea den arren, dio «ahalegin handiena» egin duen sektoreetako bat dela merkataritzarena, baina 2012ko aurreikuspenak ez direla onak. Izan ere, aurtengo lehen hiruhilekoan lanpostuen %2,1 galdu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.