Langile bat hil da gaur arratsaldean basolanetan ari zela, Gorla mendian (Antzuola, Gipuzkoan). Basomutilari gainera erori zaio bere taldeak moztutako pinu bat, eta atera ezinik geratu da. Lankideak, larrialdi zerbitzuak eta suhiltzaileak saiatu dira langilea erreskatatzen, baina ezin izan dute haren bizitza salbatu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturrien arabera, istripua Bergarako Galartza auzotik gertu gertatu da, baina Antzuolako lurretan.
2014a hasi zenetik gutxienez bost lagun hil dira lanean ari zirela. Urtarrilaren 8an Traparango langile bat hil zen Basauriko Gerdaun, elektrokutatuta. Hurrengo egunean, berriz, beste behargin bat hil zen Gasteizko Talleres Aratzen. Urtarrilaren 23an, berriz, Burlatako bi anaia hil ziren Beran, lanerako erabiltzen ari ziren furgonetak kamioi baten aurka jo ondoren.
LABek bildutako datuen arabera, 2013an 35 pertsona hil ziren beharrean edo beharrerako bidean Euskal Herrian. Azken urteotan, hala ere, kopuruak nabarmen egin du behera: 2007an, 125 izan ziren, eta 2012an, esaterako, 56.