Langabezia Europako Batasunean

Batasunik ezaren mapa

EBren politikek ez dute lortu  eskualdeen arteko langabezia tasa bateratzea. Espainian eta Frantzian daude desberdintasunik handienak.

jarraia91110.jpg
Iker Aranburu.
2014ko apirilaren 20a
16:25
Entzun

Euroa sortu zenean helburu ofizialen artean zegoen diru hori erabiltzen duten lurraldeen arteko desberdintasun ekonomikoak desagerraraztea edo ahal zen neurrian leuntzen hastea. Bateratasun prozesu hori diruz laguntzen saiatzen dira Europako Batasunaren politikak, baina, orain arte, emaitza hutsaren parekoa da. Krisiak inoiz baino ageriago utzi du iparralde aberatsaren eta hegoalde pobrearen arteko aldea. Eurostatek asteartean zabaldutako langabeziaren datuek, berriz, mila puskatan banatutako lan merkatu baten argazkia eman dute. Bateratasunaren mapa baino gehiago, batasun ezaren mapa da.

Datu bakar batek esaten du dena: langabezia tasarik handien duen eskualdeak gutxiena duenaren halako 11,7 zuen 2013an. Andaluzian herritarren %36,3 daude langabezian; Bavarian, berriz, %3,1 baizik ez. Alemania hegoaldeko lander horren zati batek, Oberbayernek (Munich barne duena), are tasa txikiagoa du (%2,6).

Eurostaten datuek oso leku txarrean uzten dituzte Grezia eta, batez ere, Espainia. Langabezia tasa handieneko top 5eko kide guztiak Mariano Rajoyren menpeko lurraldeak dira —Andaluzia, Ceuta, Melilla, Kanariar Uharteak eta Extremadura—, eta denek dute %30etik gorako langabezia. Are gehiago, beste bi ere sartu ditu hamar okerrenen artean, Gaztela-Mantxa eta Murtzia. Azken finean, Espainia hegoalde osoan eta haren menpeko lurralde afrikarretan hirutik bat daudela lanik gabe. Eremu horretako gazteentzat egoera are dramatikoagoa da: Ceutan, 15 eta 24 urte artekoen %71 daude lanik gabe, %66 Andaluzian, %65,3 Kanarietan...

Espainiako Erresumak badu, gainera, beste ezaugarri bat: eskualdeen artean desberdintasun itzela du, handiena Europaren beraren barruan: gutxien duen autonomia erkidegoaren (Euskal Autonomia Erkidegoa) eta gehien duenaren artean (Andaluzia), 21,5 punturen aldea dago. Hau da, barne bateratasunak ez duela funtzionatzen.

Hegoaldea, gaizki

Hego Euskal Herriko bi erkidegoak, edonola ere, Espainiarekin alderatuz gero soilik ateratzen dira irabazle. Muturreko langabezia tasarik ez dute, baina askoz handiagoa da antzeko aberastasun maila duten beste herrialde edo eskualdeekin alderatuz gero. Eurostaten 2011ko datuen arabera, Hego Euskal Herriak gutxi gora behera 32.000 euroko BPGa du biztanleko, ia-ia Bavariaren beraren pare. Langabezia tasa, ordea, bost aldiz handiagoa da. Langabeziaren sailkapenean, berriz, Portugalen mailan dago Hego Euskal Herria, biztanleko BPGren erdia duen herrialde batekin.

Gazteen langabeziari dagokionez ere, beheko mailan dago Hego Euskal Herria: %46,3 daude lanik gabe EAEn, eta %48,1 Nafarroan. Kopuru horien erdira ere ez dira iristen Akitanian (%21,8). Luzaroko langabeziak, berriz, Europako Batasunaren mailaren (%47,5) azpitik daude Nafarroa (%39,4) eta Akitania (%33,5), eta antzekoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa (%48,8). Eusko Jaurlaritzaren martxoko datu berrituek diote %50,7 direla luzaroko langabeak (urtebetetik gora 25 urtekoen kasuan, eta sei hilabetetik gora 24 urtetik azpikoen kasuan).

Luzaroko langabeziaren sailkapenean, berriz, Greziako bost eskualde, Eslovakiako bi eta Frantziako itsasoz haraindiko hiru lurralde daude. Horietako batean, Guadalupen, %79,5 dira luzaroko langabeak. Ameriketako eta Afrikako kolonia horiei esker Frantzia da desoreka handien duten estatuen artean lehena, 22 punturen aldearekin. Frantzia kontinentalean Limousinek du tasa txikiena (%6,9) eta Nord-Pas de Calaisek handiena (%14,7);  Reunion uhartean %28,9 daude lanik gabe, eta %26,2 Guadalupen.

Desberdintasun handiek jarraitzen dute Italiako iparralde aberatsen eta hegoalde pobrearen artean (Hego Tirolen %4,4 daude langabezian, Calabrian %22,2), edo Flandria (%5) eta Wallonia artean (%11,3). Deigarriagoa da Errumaniaren kasua: EB osoko estatu pobreenen artean dagoen arrren, bere iparraldeko eskualde batzuetan langabezia ez da %5era iristen. Horiek dira, gainera, eskualde txiroenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.