Baterien zelulak muntatzeko lantegia ez da Landabenen egongo

Hyundairen Mobis filialak iragarri du «neurri handiko kontratu bat» egin duela Volkswagenekin ibilgailu elektrikoen osagaien arloan. Lantegi berria Imarkoainen da jartzekoa, Garraioaren Hirian

Nafarroako Volkswageneko sindikatuek deituta, langileen elkarretaratzea fabrikaren aurrean. IDOIA ZABALETAI / FOKU.
Iker Aranburu.
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Iragarpen ofiziala baizik ez da falta, baina hurrengo egunotan da iristekoa: Hyundairen Mobis filialak autoentzako bateriak muntatzeko lantegia irekiko du Nafarroan, Garraioaren Hirian (Imarkoain, Elortzibar, Nafarroa). Lantegia ez da egongo Volkswagenek Landabenen duen plantan, Alemaniako multinazionalak ebatzi baitu merkeago aterako zaiola muntatzea azpikontratatzea, bere fabrikan bertan egitea baino.

«Ez dakigu ezer», aitortu du Igor Peñalver VWeko ELAko ordezkariak. Hark Diario de Noticias egunkariaren bitartez jakin du berria, eta azaldu du enpresako arduradunek ez dietela ezer baieztatu.

Fabrika non egongo den zehaztu gabe, baina lantegia irekiko duela esan du Hyundai Mobisek. Agentziei atzo igorritako agiri batean, auto osagaien Hego Koreako egile horrek iragarri du «neurri handiko kontratu bat» lortu duela atzerrian, Volkswagen AGrekin.

Mobisek ziurtatu duenez, Alemaniako multinazionalak «onartu egin du auto elektrikoen osagaietan Mobisek duen abantaila». Fabrika berria «Espainiako auto lantegi batetik gertu» egongo dela azaldu du. Baldintza horrekin, Iruñean baizik ezin da izan, VW taldearen beste lantegia Martorellen baitago (Katalunia), baina horretan bai, enpresak erabaki du fabrikaren barruan jartzea bateriak muntatzeko tailerra.

Saguntetik Iruñera

Udaberrian zabaldu zen VW Hyundai Mobisen alde lerratuko zela. Kostuak aipatu ziren orduan. VWeko zuzendaritzak Iruñeko langileen ordezkariei baieztatu zien ez zeukala dirurik inbertsio osoa bere gain hartzeko, eta horregatik hartu zuela indarra azpikontratazioaren aukerak.

Bada beste faktore bat ere: enplegua mantentzea. «Esan ziguten langile galera handiko lekuetan bilduko zituztela inbertsioak. Polonian, esaterako, motor fabrikak dituzte, eta horietan lanpostu asko galduko dira; guri, berriz, esan digute ez dugula galera handirik izango», azaldu du Peñalverrek. Autogilearen asmoa da 2024an hastea Landaben auto elektrikoen ekoizpenera egokitzeko lanak. Ibilgailuen ekoizpena —Volkswagen markako bat eta Skoda bat— 2026aren bigarren erdian edo 2027aren hasieran hastea da asmoa.

Baterien zelulak Valentzian egingo ditu VWek, Sagunt hirian irekiko duen gigafaktorian. Handik Nafarroara eramango dituzte, Imarkoainen muntatu, eta gero eraman Landabenera. Hamar kilometro eskas daude lantegi batetik bestera, eta piezak kamioiz garraiatu beharko dituzte. VWek aztertu zuen beste aukera zen Martorellen biltzea muntatze osoa, baina horrek esan nahiko zuen osatutako bateriek 400 kilometro egin beharko zituztela handik Iruñeraino.

Muntaketa Iruñeko lantegian bertan egitea nahiago zuten VWeko sindikatuek, baina, hala ere, Peñalverrek nabarmendu du «Nafarroarentzat berri ona» dela lurraldean bertan jartzea.

Inbertsioa 200 milioi eurokoa izango dela dio Noticias de Navarra-k, eta printzipioz berrehun langile kontratatuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.