Pentsioak

Batez beste, 2,7 euro igoko dira pentsioak Hego Euskal Herrian

Gutxieneko soldata 6,5 euro igo du Espainiako Gobernuak, 655 euroraino

Duintasuna jubilatuen elkartearen elkarretaratzea politika sozialeko aurrekontuetan egindako murrizketak salatzeko, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2015eko abenduaren 29a
12:30
Entzun

Pentsioen igoera dagoeneko finkatuta zegoen 2016rako Estatuko aurrekontuetan, baina gaur egin zuen ofizial Madrilgo gobernuak. Bigarren urtez jarraian, legez igo behar duen kopuru txikiena onartu du aurten ere PPren gobernuak. Kopuru hori finkatu zuen esan ahal izateko pentsioak igo egiten zirela, baina aldi berean pentsio errealak —inflazioaren eragina kontuan hartzen dutenak— jaitsi ahal izateko. Zorionez pentsiodunentzat, bi urte hauetan ez dute erosteko ahalmenik galdu, iaz prezioak %0,1 jaitsi zirelako, eta aurten ere horren bueltan izango direlako.

Hego Euskal Herrian 663.701 pentsiodun zeuden abenduaren 1ean, eta batez beste 1.090 jasotzen zituzten. Erretiratuek (422.669) dituzte pentsio handienak (1.252 euro). Kopuru horietatik oso behera geratzen dira 164.938 alargunak, batez beste 742 euro patrikaratzen baitituzte. 

Lau urtetan %2,1 igo du gutxieneko soldata PPk

Gutxieneko soldataren igoera, berez, PPren agintaldiko handiena da. 2014an ez igotzea erabaki zuen Mariano Rajoyk; iaz %0,5 baizik ez zuen igo, eta %0,6 2013an. Guztiak batuz gero, legealdi osoan 14 eurora ez da iristen sari horren emendatzea: 641,4 eurotan zegoen 2012an eta 655,2an hasiko du 2016a. %2,1.

Europako Batasuneko 28 estatuetatik 22k dituzte gutxieneko soldata ofizialak. Luxenburgokoa da handiena, hilero gutxienez 1.923 euro jaso behar baititu dukerriko langile batek. Beste sei herrialdetan 1.500 euroren bueltan dabil, horien artean Erresuma Batua (1.510)  eta Alemania (1.473). Ipar euskal herritarrak ere multzo horretan daude, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gutxienez 1.458 euro ordaindu behar zaizkielako langileei.

Espainiako saria (757 euro hilean, urtean 14 aldiz ordaintzen dela kalkulatuz gero), bederatzigarrena da kopuruz. Haren atzetik daude Grezia (684), Portugal (589), Polonia (418) eta txikienetan txikienak, Errumania (235) eta Bulgaria (194).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.