ekonomia

BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egitea erabaki dute

Kutxa Bank elkarte anonimoa abiatu nahi dute 2012ko urtarrilean

2011ko ekainaren 30a
19:51
Entzun 00:00:0000:00:00

BBKren, Kutxaren eta Vital kutxaren administrazio kontseiluek baietz esan dute, bat egiteko prest daudela, Kutxa Bank SA bankuan. Hiru kutxetako arduradunek bat egiteko modua hitzartu zuten atzo gauean, eta gaur aurkeztu diete administrazio kontseiluei. Erakunde berrian BBK-k %57ko parte-hartzea izango du, Kutxak %32koa eta Vitalek %11koa. Erabaki estrategikoak hartzeko beti BBK-ren babesa beharko da, baina beste kutxa batek ere alde egon beharko du, BBK-k bakarrik ezingo du nahi duena erabaki. 

Lehenengo hiru urteetan Kutxa Bank SAren irabazien %30 bideratuko dute gizarte ekintzara, baina ez dute zehaztu nola banatuko duten lurralde bakoitzean; ezta laugarren urtean zer gertatuko den ere. Kutxa bakoitzak bere gizarte ekintzako aktiboei, pasiboei eta jarduerei eutsiko die. Bankuak hogei kontseilari izango ditu: hamabi BBK-k izendatuko ditu, sei Kutxak eta bi Vitalek.

Kutxek bidalitako prentsa oharretan ez dute zehaztu bankuak zergak non eta nola ordainduko dituzten. Asmoa da kutxek dagokien probintzian zergetan ordaintzen dituzten kopuruei eustea, baina ez dute ezer esan horri buruz.

Banku berriaren administrazio kontseiluak hogei kontseilari izango ditu. Presidentea BBK-k izendatuko du, lehen presidenteordeak Kutxak eta bigarrena Vitalek. Egoitza nagusia Bilbon egongo da. Bat-egite 'hotza' izango da, hau da, hiru kutxek beren izaera juridikoari eutsiko diote.

Prozesuak ez du atzera bueltarik izango. Hiru erakundeetako batek atzera egiten badu ere, gainerako biek aurrera jarraituko dute.

Kutxaren kasuan 12 ordezkarik bat egitearen alde egin dute eta lauk kontra. Horietako bat izan da Ainhoa Beola Aralarreko ordezkaria. 

Hiru administrazio kontseiluak onartzen badute, bat egitea gauzatzeko batzar nagusien onespena beharko dute, irailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.