Bilbao Bizkaia Kutxaren eta Vital Kutxaren arteko bat-egite hotza gauzatzear zela zirudienean, prozesua bertan behera gelditu zen alderdi politikoen arteko desadostasunengatik. EAJri egotzi zioten errua PSE-EEk eta PPk, egun batetik bestera jarrera aldatu eta biren arteko fusio hotza babestetik hiruren arteko bat-egite beroa defendatzera pasatu zelako —fusio hotzak erakunde bakoitzari bere izaera mantentzeko aukera ematen dio; beroak, erakunde bakarrean batzen ditu guztiak—. Orduz geroztik, alderdien arteko ika-mikak ez du etenik izan, eta elkarri egindako akusazioek kutxen ereduaren inguruko eztabaida isilarazi dute. BBK-k, ordea, ez dizkio ateak itxi Vitalekin bat egiteko aukerari. Hala nabarmendu zuen Mario Fernandez presidenteak atzo, erakundearen batzar orokorrean.
BBKren eskaintzak indarrean jarraitzen duela adierazi zuen Fernandezek, eta «fusio hotza egingo dela bermatzen denean», negoziazioei berriz heltzeko prest egongo dela Bizkaiko aurrezki kutxa. Gainera, Fernandezen irudiko, Vitalekin bat egiteak bide emango lioke etorkizunean Kutxarekin elkartzeari. «Fusio hotzaren proposamena arrazoizkoa, errealista, pragmatikoa eta bateragarria iruditzen zitzaigun eta zaigu etorkizuneko edozein bilakaerarekin; alegia, EAEko kutxak kontzentratzeko prozesuaren hasiera izango litzatekeela, beti ere lurralde bakoitzak dituen berezitasunak eta EAEko egitura instituzionala errespetatuta». Fernandezen hitzetan, Vitalekin bat egiteko proposamenak berak ere «EAEko beste kutxari» —ez zuen Kutxaren izenik aipatu—prozesu horretara batzeko gonbidapena egiten zion.
Bien bitartean, hazten jarraitzeko sortzen zaizkion aukerak aztertzen jarraituko du BBK-k, egungo finantza sisteman tamainak garrantzia duelako. Berregituraketarekin, banku eta aurrezki kutxen batez besteko tamaina handitu egin dela azaldu zuen Fernandezek, eta CajaSurrekin elkartuta ere, BBK ez dela batez besteko horretara iristen. Hala ere, ez ditu erabakiak itsu-itsuan hartuko, «beharrezko zuhurtasunarekin» baizik. BBKren kaudimenari kalterik egingo ez dioten operazioak bakarrik gauzatuko dituztela adierazi zuen presidenteak, eta operazio horiek aurrezki kutxa izaerari eustea bermatu beharko dutela. Duela hilabete batzuk CajaSurrekin egindako bat-egitea jarri zuen horren guztiaren adibidetzat.
Erakundearen hazkunde asmoez gain, 2010ean aurrezki kutxak izan dituen emaitzez ere hitz egin zuen Fernandezek atzoko batzarrean. Irabazietan %10,7ko jaitsiera izanagatik, gustura agertu zen presidentea, gainerako kutxek batez beste %49ko jaitsierak izan dituztelako. Erakundeak 257,8 milioi euroren irabaziak izan ditu eta ia beste horrenbeste bideratu du erreserbetara, 251,2 milioi euro hain zuzen. Nabarmendu zuen BBK-k sektoreko kaudimen ratio onena izaten jarraitzen duela, %19,8koa, eta irabazien ia herena gizarte ekintzara bideratu duela.
ELA, haserre
BBK-k negoziazio kolektiboari jartzen dizkion oztopoen berri emateko baliatu zuen hitza Josune Iglesias ELAko ordezkariak. Haren esanetan, erakundeak Bizkaian ditu 2.481 langileetatik 1.932, baina hauteskunde sindikaletan askoz gutxiago balio du Bizkaiko langileen botoak handik kanpokoenak baino. Bizkaian, ordezkari bat lortzeko 40 eta 50 boto artean behar direla, eta handik kanpo sei eta hamar boto artean nahikoak direla azaldu zuen, eta hori ez dela bidezkoa.
Ezker abertzaleak, berriz, edozein pribatizazio saioren aurrean kutxen eredu soziala blindatzeko beharra azpimarratu zuen.
BBK-k Vitalekin fusio 'hotza' egiteko aukera berpiztu du Fernandezek
BBK-ko presidentearen ustetan, Vitalekin bat-egitea hiru euskal kutxak elkartzeko lehen urratsa izango litzatekeEsan du etorkizuneko operazioek aurrezki kutxa izaerari eustea ziurtatu beharko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu