BBKren asmoak kolokan jarri ditu Europako Banku Zentralak

Iker Aranburu.
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
BBK-k herenegun iragarri zuen 100 milioi euroko funts bat sortuko duela euskal enpresetan inbertitzeko. Erreserba Funtsa osatzeko azken epea 2020tik 2023ra edo 2024ra atzeratzeko Espainiako Gobernuak emandako aukera baliatu nahi zuen horretarako. Joan den ostiralean onartu zuen dekretua Madrilek, baina Europako Banku Zentrala kontra agertu da. Banku zentralak uste duenez, beren bankuen kontrolari eustea erabaki duten aurrezki kutxei «abantaila» ematen die dekretu horrek, akzioak saldu edo burtsara jotzea erabaki dutenen aldean.

Berez, EBZren asmoa da aurrezki kutxa izandakoek —banku fundazioak, orain— beren bankuen kontrola galtzea. Horregatik, Espainiako bankuak erreskatatzeko Madrilek Europako Batasunarekin sinatu zuen Memorandum of Understanding (MoU) itunak baldintza gogorrak jartzen dizkie bankuen jabetzari eutsi nahi dioten fundazioei. Erreserba funts bat sortzera behartzen ditu, horiekin aurre egin ahal izateko bankuan sor daitezkeen zuloei, diru publikoa ukitu gabe.

Espainiako banku sistemaren erreskateak 60.000 milioi eurotik gora xurgatu ditu kutxa publikoetatik, eta horietatik 40.000 milioitik gora dira EBren erreskatetik hartutakoak.

Kutxabanki dagokionez, erreserba funtsa hornitu behar duen bakarra BBK da, Espainiako Bankuak legearen interpretazio biguna egin eta ebatzi zuelako Kutxabanken hiru akziodunak ez zeudela elkar hartuta. Kontrako erabaki batek 700 milioi inguru biltzera behar zitzakeen hiru kutxak, eta akzioak saltzeko aukera indartuko zukeen. Balizko salmentak edo burtsaratzeak ekarri zuen Mario Fernandezen dimisioa: hark derrigorrezkotzat jotzen zuen zati bat saltzea, baina EAJk planto egin zion, eta Gregorio Billalabeitiarekin ordezkatu zuen Fernandez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.