Ekonomia

BBVA: aurten galdutakoa 2014an berreskuratuko du Nafarroak

Etxegintzaren doikuntza ia amaitutzat ikusten du BBVAren ikerketa taldeak.  Europatik kanpo gehiago esportatzeko aholkatu dio Nafarroari, eta auto eta ekipo ondasunekiko menpekotasuna txikitzeko. 

Iker Aranburu.
2013ko apirilaren 19a
19:21
Entzun

Nafarroaren egoera argilunekin ikusten du BBVAren ikerketa zerbitzuak. Gaur euskaraz kaleratutako Zertan den Nafarroa  txostenaren arabera, barne produktu gordina %1,2 uzkurtuko da aurten, eta ia maila berean (%1,1) haziko da datorren urtean.  BBVA Researchek aholku bat eman dio Nafarroari: esportazioen dibertsifikazioa handitzeko, bai geografikoki baita esportatutako produktuei dagokienez ere .

Bi dira BBVAko ikerlariek Nafarroako ekonomiari onartzen dizkioten abantaila nagusiak. Batetik, ekonomia irekia dela, neurri handi batean esportazioetara bideratuta,Volkswagenek Landaben duen fabrikaren eskutik batez ere. Baina esportazio horiek gehienak lurralde eremu zehatz batera doaz —%60 Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Portugal eta Herbehereetara—, eta produktu zehatz batzuetara —%47 autoak eta %25 ekipo ondasunak—, eta bi faktore haiekiko menpekotasun handia dagoela ohartarazi du BBVAk. Hori garbi ikusten da Nafarroaren 2012ko BPGaren datuan: %1,8 jaitsi zen, eurogunean krisia okertzeak hango eskariak gutxitu zituelako. EBrekiko bihotzarekiko esportazioen menpekotasunaren eta turismoaren ekarpen apalaren ondorioz, krisi aurreko mailan dago kanpo sektorea, eta Espainian nabarmen hobetu da.

Beste abantaila bat da etxegintzaren sektorearen burbuila txikia izan zela Espainiarekin alderatuz gero, eta eskaintzaren aldetik "doikuntza amaitzear" dagoela. "Nafarroa izan da saldu gabeko etxeen stock-a krisi garaian gutxitzeko gai izan den erkidego bakarretakoa; horrek adierazten du sektorea hazkundeari eta enpleguari ekarpen negatiboak egiten uztetik gertu legokeela". Datu bat ematen du hori baieztatzeko: saldu gabeko etxeak etxebizitza-parkearen %1,6 ingurukoa da, "merkatuaren funtzionamendua bermatzen duen stocketik hagitz hurbil".

Gainera, etxebizitzen prezioa gutxiago igo denez, eta errenta maila handiagoa denez, Nafarroako familiak —eta enpresak ere— gutxiago zorpetuta daude Espainiakoak baino, eta horrek gutxiago elikatuko du kontsumoaren eta inbertsioaren murrizketa.


Hezkuntzarekin zalantzak

Hirugarren abantaila ere badu Nafarroak, "giza kapitalaren maila" hobea dela Espainiarekin alderatuz gero. Hala ere, iritzi dio agian behin-behineko abantaila dela, Nafarroak hezkuntzan gastatzen duenaren eta hezkuntza maila ez doazela eskutik. "Sistemaren eraginkortasuna hobetu daitekeela dirudi".
BBVAren ikerketa taldeak apirilaren 30ean aurkeztuko du Zertan den Euskadi txostena, Bilbon. Dagoeneko aurreratu du, ordea, ekonomia%0,7 txikituko dela aurten, eta %1,2 haziko 2014an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.