BBVAk egurra bota dio bankuen kaleratze oldeak sortuko haserreari. Bizkaian sortutako bankuak iragarri du 3.800 langile kaleratu nahi dituela, bere lan taldearen %16,3 hain zuzen ere. Euskal Herrian 114 izango lirateke: 66 Bizkaian, hogei Nafarroan, hamasei Gipuzkoan eta hamabi Araban.
Sindikatuen ohiko kritikari batu zaio bankuekin tentu handiz jokatu ohi duen eragile batena: Espainiako Gobernuarena. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroaren ahotik, gobernuak gogorarazi die aurreko krisian milaka milioiren laguntza jaso zutela, eta berriki Sareb banku txarraren zorraren 10.000 milioi bere gain hartu dituela. «Egoera horrek edozein erabaki baldintzatu beharko luke», esan du Escrivak. BBVAk azken urteetan xurgatutako bankuetatik, Catalunya Bancek 12.000 milioi euroren erreskate publikoa jaso zuen, eta horietatik 780 milioi baizik ez ziren berreskuratu.
Jakina zen BBVAk bere lan taldea txikitu nahi zuela kostuak gutxitzeko, baina atzora arte ez zituen zenbakiak mahai gainean jarri. 3.800 kaleratzeez gain, 530 bulego itxi nahi ditu, gaur egun dituenen %21,3. Horietatik 41 izango dira BBVAk «iparraldea» deitzen duen eremuan; hau da, Hego Euskal Herrian, Aragoin, Errioxan eta Kantabrian.
BBVAk ziurtatu du «ezinbestekoa» dela kostuak gutxitzea, eta lau arrazoi eman ditu horretarako: interes tasak oso txikiak izateak errentagarritasuna gutxitzen duela, gero eta bezero gehiagok Internet erabiltzen dutela eragiketetarako, lehia handia dagoela sektorean, eta enpresa teknologikoak ere lehian sartu direla.
«Eskandaluzkoa»
Bankuan ordezkaritza gehien duen sindikatuak, CCOOk, ziurtatu du kaleratzeak «eskandalagarriak eta jasanezinak» direla. «Zenbaki horien atzetik pertsonak eta haien familiak daude; diru-sarrerarik gabe geratuko dira, goi zuzendaritza milioi askotako soldatak handitzen ari denean», salatu du CCOOk.
LABek ere zuzendarien «eskandaluzko soldatak» nabarmendu ditu, eta Carlos Torres presidenteak bere soldata aldakorra bikoiztu berri duela gogorarazi. Bankuak aipatutako arrazoi ekonomikoak «ez dira benetakoak», LABen arabera, azken hiru urteetan 11.000 milioi irabazi dituelako. Zehazki, iaz 1.305 milioi euroren irabaziak deklaratu zituen, eta horietatik 601 milioi dagozkio Espainiako adarrari.
BBVAren iragarpena batu egin zaio azken asteetan Espainiako sistemako beste erakunde batzuek abian jarritako lan taldeen murrizketei: 18.000 langile, guztira. Horietatik ia 8.300 Caixabanki dagozkio, Bankiarekin bat egin ondoren iragarri baitzuen asteartean bere lantaldea ia %19 argaldu nahi duela eta 1.534 bulego itxi. Kalera joan daitezkeen langileetatik 135 Euskal Herrikoak dira. 1.800 langile ditu Caixabankek Hegoaldeko lau lurraldeetan.
Santanderrek 3.500 langile kaleratzeko prozesua irekita du, Ibercajak 750 bota nahi ditu, eta Sabadellek 1.800 langileri eman die erretiro aurreratua.