Bilboko 1. Merkataritza Epaitegiko epaile Marcos Bermudezek gaur eman du Eroskiko ekarpenen gaineko epaia. Fiskalak azken saioan eskatutakoaren bidetik jo du epaileak, eta BBVAri agindu dio Eroskiren ekarpenak erosi zituzten 68 bezeroei dirua itzultzeko. Eroski errugabetu du, gainera, ez duelako aintzat hartu Adicae elkarteak ekarpenen kontratuen baldintzak baliogabetzeko eskaera, gehiegikeria zelakoan, ezta "legez kanpoko publizitatea" debekatzeko eskaera ere.
Bilboko Merkataritza arloko epaitegiko ebazpenaren aurka helegitea jarri ahal izango dute aldeek. Orain arte bakarkako salaketen inguruan epaitegiek emandako ebazpenen ildotik joan da 68 bezeroren demanda kolektiboa. Alegia, produktua jaulki zuena (Eroski) errugabetzat jo du, euren publlizitatean eta kontratuen baldintzetan produktuaren ezaugarriak nola diren nahikoa garbi uler daitekeelakoan, eta bankua (ekarpenak saldu zituena) zigortu. Beraz, salerosketaren unea ikusi du epaileak gakoa bere ebazpena emateko. Ez zen informazio nahikorik eman une horretan.
Ebazpena "erabat positiboa" dela esan du Adicae elkarteak, "esperantza" ematen dielako Eroskiren ekarpenak erosi zituzten milaka bezerori, euren dirua berreskura dezaten. Adicaek bere eskariaren zati handi bat lortu du, bankuan 68 bezeroren dirua itzultzea, baina ez du lortu epaileak Eroskiren publizitatea iruzurgilea zela erabakitzea.
BBVAk ebazpena ezagutu bezain laster esan du "ebazpen judizial guztiak errespetatzen eta onartzen" dituela, eta helegitea jartzea "aztertzen" ari dela; zerbitzu juridikoak horretan jarri ditu dagoeneko bankuak.
Eroskik ohar baten bidez jakinarazi du kooperatibak "eskatu ahal zena, behar zena eta egoki zena" egin zuela ekarpenen bezeroek informazioa eduki zezaten. Ebazpenarekin gustura azaldu da Eroski; "Oso positiboa da", esan du Rosa Carabel Finantza Ekonomia ataleko buruak. "Ekarpenen jaulkipena zuzena izan zen, arautegiaren barruan eta betiere CNMVren eskaerei jarraiki". Carabelek esan duenez, "argi dago Eroskik, jaulkitzailearen rolean, dokumentazio oso bat garatu zuela, inbertsoreak salerosketa prozesuan informazio egokia izan zezan". Kooperatibak beste behin gogorarazi du enpresak ez zuela parte hartu ekarpenen salerosketan.
Asteartean eta asteazkenean egin zuten Eroskiren ekarpenen auziaren inguruko epaiketa. 30.000 erosle izan zituzten Eroskiren ekarpenek, 2002tik 2007ra. 660 milioi euro jaulki zituen Mondragon taldeko enpresa handienak, 2002an, 2004an eta 2007an. Haien %44 BBVAk saldu zituen, Laboral Kutxak %31, Kutxabankek %12 eta Caixak %8.
Merkatuaren egiak kontuan hartuta, interes onak jaso dituzte urte hauetan haien jabeek, %8 artekoak ere bai euriborra goian zenean. 200 milioi eurotik gora banatu ditu Eroskik jada interesetan. Arazoa da ekarpenen jabeek ezin dituztela haiek utzi, betierekoak direlako. Ez teorian, baina bai praktikan, ekarpenak saldu nahi izanez gero aurrena eroslea topatu behar dutelako, eta erosi zuteneko %40 inguruko balioa dutelako orain.