BBVAk 2.799 milioi euro irabazi ditu ekaina arte, eta dibidenduari eutsiko dio

Berankortasun tasa %3,2 izan da urteko bigarren hiruhilekoan, eta aurten %5 ez gainditzea espero du

Erredakzioa
Gasteiz
2009ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Krisiak ez du esanahi bera pertsona guztientzat. Ez, behintzat, BBVAko akzioduna izanez gero. Bankuak iragarri duenez, etekinen %30 dibidenduan banatzeko politikari eutsiko dio aurten. Horretaz gain, beste konpainia batzuek kapitala indartzeko asmoz dibidendua akzioetan eskaini duten bitartean, BBVAk eskudirutan ordainduko duela iragarri du.

Dibidendu politika ausarta egiteko arrazoirik ez zaio falta Bilbon egoitza nagusia duen finantza erakundeari. Mundu osoko bankuak erreskate planetan murgilduta daude edo botere publikoen esku geratu dira, baina BBVAk ekaina arte 2.799 milioi euro irabazi ditu. Iaz baino %10 gutxiago da, baina, ezohiko operazioak alde batera utzita, soilik %4,4 jaitsi dira etekin garbiak.

Urteek aurrera egin ahala, emaitzak hobetzea lortu du bankuak. Bigarren hiruhilekoa aintzat hartuz gero, irabazi garbiak aurreko hiruhilekoan baino %26,1 handiagoak izan ziren.

Hori bai, berankortasun tasak ere gora egin du, %2,8tik %3,2ra. Aurten tasa horrek %5 ez duela gaindituko kalkulatu du bankuak, baina, edonola ere, 2011 arte ez duela goia joko susmatzen dute. Estaldura tasa egun %68 da, 2008an zuen %167tik urrun, baina kopuru «egokia» dela defendatu zuen BBVAko presidente Francisco Gonzalezek.

Erosketarik ez

Finantza sektorean bolo-bolo dabiltza erakundeak bateratzeko proiektu eta ekimenak. Batez ere, aurrezki kutxen artean finkatzen ari dira, baina bankuetan ere integrazioak gertatzea posible da. Oraingoz, jokaldi horietatik at utzi nahi du bere burua BBVAk, Jose Ignacio Goirigolzarri kontseilari ordezkariaren arabera. Erosketarik ez du egingo Espainian, baina AEBetan bulego sare bat lortzen saiatzea ez dute baztertu.

Aldez aurretik analistek kaleratu zituzten iragarpenak gainditu zituen bankuak bere emaitzekin. Horri esker, bere kotizazioak %4,5 egin zuen gora Ibex 35ean, eta Eurostoxx 50 neurgailuan igoerarik handiena izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.