BBVA bankuak 3.512 milioi euro irabazi zituen iaz, 2018an baino %35 gutxiago. Irabazien murrizketa hori AEBetako filialean harturiko saneamendu neurriengatik eta Txileko bankuen salmentaren gainbalioak 2018ko emaitzak puztu zituelako (633 milioi) izan da. Hala ere, ezohiko mugimendu horik kontuan hartu gabe, bankuak 4.830 milioi irabazi zituen, 2018an baino %2,7 gehiago. 2009az geroztik lorturiko irabazirik handienak dira.
2019ko itxieran, bankuaren berankortasun tasa %3,8 da, eta estaldurarena %77. Are gehiago, zalantzazko saldoa %2,1 murriztu zuen; batez ere, Espainian zituen zor mailegu asko saldu dituelako. Diru sarrerei dagokienez, 18.202 milioi interesen bitartez lortu zituen, eta 5.033 komisioei esker. Eragiketa finantzarioen bitartez 1.383 lortu zituen BBVAk, aurreko urtean baino %13 gehiago. Gastuei dagokienez, haiek ere igo ziren, %1,3; beraz, diru sarrerak gastuak baino gehiago igo ziren. BBVAk irabaziak banatuko ditu, halaber, 0,16 euro akzio bakoitzagatik.
Negozioaren banaketa geografikoari dagokionez, BBVAk %44,8 Mexikon lortu zuen, eta hura da gaur egun merkaturik handiena. Espainian %23 lortu zuen, eta AEBetan %9,5. Bezeroen ohiturei dagokienez, gero eta lagun gehiagok erabiltzen dituzte sakelako telefonoak eta bide digitalak. Bezeroen erdiek baino gehiagok sakelakoa erabiltzen du banku eragiketak egiteko.