Joan den urtean egin zuen aurreikuspenari bere horretan eutsi dio BBVAk. 2013ko maiatzean esan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia aurten %1,2 haziko zela, eta hazkunde hori %1,1ekoa izango dela berretsi du gaur goizean Rafael Domenech BBVA Research-eko arduradunak. Susperraldiak, gainera, jarraipena izango du Euskadiren egoera izeneko ikerketaren arabera, datorren urtean ekonomia %1,8 haziko dela baitio. Eta Domenechek esan du hori guztia posible izan dela orain arte egin diren erreformek eragina izan dutelako. Are gehiago, horietan sakondu behar dela ere adierazi du.
EAEko enpresek, ordea, hazkunde garaian kanpora irteteko izan duten dohaina azpimarratu du BBVAren ikerketa arloko arduradunak. “Euskal enpresek merkatu dinamikoetara bideratzeko eginiko apustuak eragin positiboa izan du esportazioetan, eta ondorioz baita euskal BPGan ere”. Edonola ere, ekonomiaren susperraldia indartsua izan dadila bermatu ahal izateko prozesu horrek jarraipena izan behar duela ere esan du. “Euskal enpresek dibertsifikazio maila handia daukate, eta, horregatik, esportazioan sakontzen jarraitu beharra dago”.
Baina ez dira horiek izango ekonomia indartzeko hartu beharko diren neurriak; izan ere, Domenechek gaineratu du ahalegina hiru norabidetan egin beharko dela. Batetik, zor publikoaren eta lan merkatuaren ildoan dauden desorekak konpontzeko beharra ikusi du. Bestetik, lanpostuak eta teknologia hobetzeko bidean jartzeko politikak bideratzeko eskaera egin du. Eta, azkenik, eskualdea inbertsioetarako gune interesgarri bihur dadin, neurri zehatzak hartzeko esan du. Horrek guztiak ekonomiaren suspertzea sendotuko duela berretsi du.