AZPIEGITURAK

BECek 5,7 milioi galdu zituen iaz

Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta beste erakundeek kapital handitze baten bidez estali dute galera.

BEC, artxiboko irudi batean. 'BIZKAIKO HITZA'
Iker Aranburu.
2014ko martxoaren 24a
13:59
Entzun

Hamar urte beteko ditu BECek datorren apirilaren 19an. Erakustazokak ez ditu bete agintarien iragarpenak, eta 300 milioi eurotik gorako galerak pilatu ditu inauguratu zutenetik. Horri gehitu behar zaizkio eraikuntzaren kostuak. Edonola ere, azpiegitura errentagarria dela diote haren jabeek: 62,5 milioi euroren ekarpena egin dio barne produktu gordinari, eta 9,2 milioiren diru sarrerak ekarri dizkio Bizkaiko Ogasunari. 

Aurten eta datorren urtean ere galerak espero ditu BECek, baina aurreko urteotakoak baino txikiagoak; 2016rako iragarri dute diru sarreren eta gastuen arteko oreka. Galerak txikituko lituzketen hainbat ekitaldi daude iragarrita aurten. Batetik,  makina erremintaren biurteko azoka egingo da Barakaldon ekainaren 2tik 6ra, eta abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran Munduko Saskibaloi Txapelketaren atarikoa jokatuko dute BECen.

BECek hiru arrazoi eman ditu iazko galerak azaltzeko: krisi ekonomikoak azokak ahuldu dituela, kaleratutako langileei kalte-ordainak eman behar izan dizkiela eta azken hiru urteotan langileei ukatutako soldata igoerak ordaintzera behartu duela Espainiako Auzitegi Gorenak.

Barakaldo Exhibition Center, ez

BECen kontseiluak atzera bota du Barakaldoko Udalak azpiegiturari izena aldatzeko eginiko eskaera. Udalak nahi zuen BECek Barakaldo Exhibition Center izena hartzea, baina gehiengo batez jatorrizko izenari eustea erabaki du administrazio kontseiluak. Bizkaia edo Bilbao-Barakaldo Exhibition Center ere proposatu du alternatiba gisa, baina formula horiek ere ez ditu onartu kontseiluak. Barakaldoko alkate Alfonso Garciaren ustez (PSE-EE), erabaki horrek erakusten du erakundeek "gutxietsi" egiten dutela Barakaldo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.